Makina berri honen ezaugarririk nabarmenenak, koloretako monitore aurreratua eta orain arte ezagutu den bereizmenik altuenetarikoa izatea dira.
Ordenadore honek EGA tarjeta grafikoa dauka eta 640x350 puntu helbideragarritako bereizmen maximoa lor dezake barruan daraman Barne Grafiko-egokitzaileari esker.
PC 1640 ECD-k aurkezten duen konfigurazio standard-a honako hau da: 16 biteko 8086 prozesadorea, 640 K-ko memoria nagusia, 5 1/4 hazbeteko disketa, 2 botoiko sagua, denbora errealeko barne-erlojua, bolumen kontrolagarriko bozgorailua, serie eta paralelozko komunikazioak eta arkatz optikorako hargunea.
Testu moduan 40 eta 80 zutabe onartzen ditu, non karaktere bakoitza 8 x 14 puntuko matrize batez definitzen bait da EGA txartelerako eta 8 x 8 puntutako matrize batez EGArako, kasu bietan 16 kolore erabil daitezkeelarik.
Modu grafikoan bi bereizmen-mota eskaintzen ditu: bereizmen ertaina (320 x 200 puntu helbideragarri eta 4 kolore) eta bereizmen altua (640 x 200 puntu eta 2 edo 16 kolore). Baina hauetaz gain badu beste bereizmen bat ere; bereizmen grafiko altua deritzona, 640 x 350 puntu eta 16 kolorekin lan egiteko aukera ematen duena.
Ekipoarekin batera MS-DOS 3.2 sistema eragilera eta Digital etxeko GEM ingurunea eskaitzen dira.
Hiru konfigurazio posible daude: 5D, 5 1/4 hazbeteko disket batekin, DD 5 1/4 hazbeteko bi disketekin eta HD 5 1/4 hazbeteko disket bat eta 20 M-ko disko gogor batekin.
Ekipo berri honen salmenta-prezioa 219.000 pta.tik (+BEZ) konfigurazio txikienarentzat, 360.800 pta.raino (+BEZ), konfigurazio handienarentzat, bitartekoa da; DMP 3000 inprimagailu bat barne delarik.