Amiantoa zuntzetan egituratuta dago eta, erregaitza denez, ezaugarri hori behar duten materialak edo ehunak egiteko erabiltzen da, adibidez, tenperatura altua jasan behar duten isolatzaileak egiteko. Baina amiantoak ondorio kaltegarriak ditu osasunerako, minbizia eragiten duelako. Horregatik, ikertzaileak amiantoa ordezkatuko duten materialak sintetizatzen saiatu dira behin eta berriro.
Oraingo honetan, Israelgo Technion Teknologia Institutuko ikertzaileek aluminio oxidoz egindako apar zeramikoaren berri eman dute. Aparra egiteko, lehenengo, osagai metalikoak eta gainerako osagaiak dituzten kristalak berotu eta disoluzio bat sortzen da. Gero, disoluzio horretan erreakzio bat gertatzen da eta polimero-kateak eratzen dira. Kateak nahiko luzeak direnean, bat-batean, disolbatzailea eta polimeroak bereizi egiten dira.
Une horretan, disolbatzailea irakite-puntura iristen da, milaka burbuila txiki eratzen dira eta polimeroa apar bihurtzen da. Bukatzeko, lortutako aparra tenperatura handian berotzen da. Apar zeramikoaren bolumen-unitateko % 94-96 airea da, eta 1.700 ºC-tik gorako tenperatura jasan dezake.