Zer egiten du gure adimenak lo gaudenean? Zergatik eta zertarako egiten dugu amets? Gizakiak aspalditik egin izan ditu galdera horiek, gure gaueroko ametsen munduari zergati bat aurkitu nahian. Orain, lehenengo aldiz, galdera horien erantzuna aurkitu du zientziak: eguneko esperientziak hobeto memorizatzeko egiten dugu amets.
Rockefeller Unibertsitateko ikertzaile-talde batek saguak ikertu ditu loaldian garunaren funtzionamendua nolakoa den jakiteko asmoz eta, egunez esperientzia berriak izandako saguek loaldian garun-aktibitate handiagoa dutela ikusi dute.
Dirudienez sagu horien garunetan neuronen arteko lotura sendotzen duen zif-268 izeneko gene bat aktibatzen da eta, zientzialarien ustetan, horri esker egunean zehar edukitako esperientziak hobeto memorizatzen dituzte. Egunean zehar beren kaioletan gelditu diren saguek, berriz, ez dute garun-aktibitate handirik izaten lo sakoneko garaian. Argi dago, beraz, garunaren aktibitateak eta ametsek esperientzia berrien memoria finkatzearekin zerikusia dutela. Merezi al dute orduan azterketa garaian egiten diren gaupasek?