Amerikako lehenengo kultura zalantzan

Amerikako lehenengo kultura zalantzan
2007/05/01 | Elhuyar
(Argazkia: Lehenengo Amerikarrak Ikertzeko Zentroa/Texas A&M Unibertsitatea)

Amerikako kultura zaharrena zein den ez dago argi. Denbora luzez uste izan dute Clovis kultura zela Amerikara iritsi zen lehena, eta kultura hori zuten biztanleak kontinente osoan hedatu zirela, orain dela 13.000 urte inguru. Orain, Texas eta Coloradoko bi ikertzailek zalantzan jarri dute ideia hori.

Clovis kulturaren aztarna batzuk berriro datatu dituzte, askoz emaitza zehatzagoak ematen dituen teknika bat erabiliz. Batetik, ikusi dute aztarnak aurretik datatu zituzten baino 500 urte berriagoak direla. Bestetik, datatu dituzten aztarna guztiak 200 urteko denbora-tartean kokatu dituzte. Horrek adierazten du Clovis kulturak 200 urte bakarrik iraun zuela.

Bi ikertzaileek diote Clovis kultura ez zela Amerikako lehena izan, kultura horrenak ez diren aztarna zaharragoak badaudelako, eta 200 urte denbora-tarte txikiegia delako Amerika osoan hedatzeko.

Hala ere, bi zientzialariek ez dituzte Clovis kulturaren aztarnategi guztiak aztertu; besteak beste, ez dute aztertu ustez Clovis kulturaren aztarnategi zaharrena dena. Zientzialariek diote aztertu ez dituzten aztarnategiek kutsatuta egoteko arriskua dutela. Litekeena da, ordea, aztarnategi jakin batzuk alde batera uzteak emaitzetan eragina izatea, eta sortu duten zalantza baliorik gabe uztea.

1
231
2007
5
023
Giza zientziak; Historia; Paleontologia
Berriak labur
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila