Amaren zelulak ume diabetikoen gorputzean

Amaren zelulak ume diabetikoen gorputzean
2007/03/01 | Elhuyar
(Argazkia: Friendsofhope)

Haurdunaldian, amaren zenbait zelula karena zeharkatu eta fetuaren organismoan sartzen dira. Lehen, zientzialariek uste zuten fetuaren immunitate-sistemak suntsitu egiten zituela, baina gero frogatu zuten ez zela beti hala gertatzen; alegia, zelula batzuk fetuaren organismoan txertatzen direla, eta gerora ere gai direla bizirik irauteko (mikrokimerismoa).

PNAS zientzia-aldizkarian argitaratu dutenez, zelula horiek umearentzat onuragarriak izan daitezke zenbait kasutan. Zehazki, 1 motako diabetea duten umeak eta haien anai-arrebak aztertu dituzte ikertzaileek. Diabetikoen artean, erdiek baino gehiagok zuten amaren DNA odolean; horrek esan nahi du amaren zelulak zituztela. Anai-arreba osasuntsuetan, berriz, herenek baizik ez zuten amaren DNA. Hortaz, ikertzaileek hasieran ondorioztatu zuten amaren zelulek kalte egiten zietela umearen pankreako zelulei, eta horregatik ez zutela intsulina ekoizten.

Gerora, ordea, frogatu dute ume diabetikoek amaren zelulak dituztela pankrean txertatuta, eta zelula horiek intsulina sortzen dutela. Mesedegarriak dira, beraz. Are gehiago, ikertzaileek uste dute zelula horiei esker umearen pankrea bere onera etor daitekeela, neurri batean bada ere.

1
229
2007
3
003
Anatomia/Fisiologia; Medikuntza; Osasuna
Berriak labur
4
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila