Altzairu estresatua


Gizakion modura, altzairu-habeak ere hautsi aurretik estres-egoeran egoten dira. Berriki zientzialariek neke hori noiz sortzen den antzeman eta neurtzeko teknika ezagutzera eman dute.

Davis Jiles fisikariaren esanetan, metalen nekea amesgaizto askoren jatorria da. Kaltetutako altzairuak atzemateko teknika asko egon arren, altzairuak bere bizitzako zein unetan jasaten zuen neke edo tentsio handiena jakiterik ez dute izan orain arte.

Aipaturiko teknika magnetismoan oinarritzen da. Altzairu-hagek polo magnetikoak norabide bertsuan kokatutako atomo-multzoak dituzte; haga tolestu edo zapalduz gero konfigurazioa aldatu egiten da. Horrenbestez, altzairuzko egituran matxurak azaltzen hasten direnean barraren eremu magnetikoaren bibrazioak areagotu egiten dira. Hori guztia jakinda, altzairua pitzatzear dagoela bere eremu magnetikoa adierazten duen grafikoan gorabehera handiak beha daitezke, berehala hautsiko denaren adierazle.

Nolanahi ere, altzairuzko egituren tentsio-maila edo nekea neur eta ikus daiteke, baina ezin da aurreikusi. Ikertzaileek dioten moduan, ezin zaio altzairuari sentsore bat ipini eta “datorren astean hautsiko naiz” esateko eskatu. Zoritxarrez.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila