Altuerak eragindako hainbat arnasketa-modu

Lau mila metrora bizi direnek oxigeno-kantitate txikietara egokitu behar izan dute. Baina egokitze hori ez da Lurreko toki guztietan berdin egin.

Tibeteko, Etiopiako eta Andeetako biztanleek ez diote bide berari jarraitu arazoari aurre egin ahal izateko. Orain, ikertzaileek jakin nahi dute ea konponbide bakoitzak berezko ezaugarri genetikoak dituen ala ez.

Leku batetik besterako aldea ez da handia, baina arnasa hartzeko estrategiak ezberdinak direla antzeman dute ikertzaileek. Andeetan bizi diren pertsonek, adibidez, odoleko hemoglobina-kantitatea handitu egin dute, hau da, oxigenoa garraiatzen duten proteinen proportzio handiagoa dute. Tibeteko jendeak, aldiz, arnasa azkarrago hartzeko mekanismoa garatu du.

Seguru asko, ezaugarri horiek geneetan islatzen dira. Oraingoz, biologoek beste datu batzuk atera dituzte DNAren analisitik, hala nola, lau mila metrora bizi diren herri guztiek ez dutela jatorri bakarra, baizik eta historian zehar iritsitako hainbat migraziotako ondorengoen nahasteak direla.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila