Alkoholismoaren jatorri genetikoa

Australiako Unibertsitateko ikerlariak alkoholismoaren jatorri genetikoa ezagutzea tratamendu eraginkorragoak aurkitzen lagunduko duelakoan daude. Geneen egiturak alkoholarekin duen erlazioari buruz orain arte oso gutxi genekien. Berriki frogatu ahal izan denez, alkoholari emandakoen erdiak ez du bromokriptina tratamendua onartzen. Aitzitik, beste erdiarentzat bromokriptina substantzia bera tratamendu egokia suertatu da. Joera horren arrazoia proteinak sortzen dituen geneak desberdinak izatea omen da.

Alkoholismoaren genea deritzonak portaera-arazoak sortzen ditu eta genearen aldaketa txiki horrek alkoholarekiko joera handiagotzen duela frogatu dute.

Hipotesi hori baieztatzeak alkoholismoaren alderdi berria ikertzeko bidea zabaltzea ekarriko luke. Hasteko, tratamenduak finkatzea eta azkartzea errazago izango litzateke. Gaur egungo tratamenduak erabiliz, 18 hilabete inguru behar izaten du alkoholiko batek bere menpekotasuna gainditzen hasteko. Halaber, gutxi dira sendatze-prozesuaren amaierararte iristen direnak. Australiako ikerlariek eskuartean darabiltzaten datuen arabera, gaixoen % 90 alkoholari ez eta tratamenduari utzi egiten dio amaitu baino lehen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila