Aldaera genetikoek COVID-19aren larritasunean eragina dutela baieztatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

aldaera-genetikoek-covid-19aren-larritasunean-erag
Arg. Artxibokoa

Arnas gutxiegitasuna izateko arriskuarekin erlazionatutako zenbait aldaera genetiko identifikatu dituzte Italian eta Espainian egindako azterketa genetiko batean. Donostia Unibertsitate Ospitaleak ere parte hartu du, eta New England Journal of Medicine aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Haren arabera, O odol-taldekoek arrisku txikiagoa dute arnasgailuak behar izateko (% 35 txikiagoa); aldiz, A taldekoek, %  50 arrisku handiagoa. 

Zehazki, genomaren bi eremu lotu dituzte SARS-CoV-2 birusaren eragin larriarekin. Haietako bat 3 kromosoman dago, eta COVID-19aren larritasunean zerikusia duten 6 generen erregulazioaz arduratzen da. Geneetako batek, adibidez, elkarrekintza du ACE2 proteinarekin, hau da, birusak zeluetara sartzeko erabiltzen duen hartzailearekin. Beste bat, berriz, biriketako hantura eragiten duen mekanismoari lotuta dago.

Beste eremua 9 kromosoman dago, eta odol-taldeen ABO sistemarekin lotzen da. Datuek erakutsi dute A taldekoek % 50 arrisku handiagoa dutela arnasgailuak behar izateko; aldiz, O taldekoek % 35 txikiagoa. Alabaina, ikertzaileek ohartarazi dute ez dituztela horren mekanismo biologikoak ezagutzen, baina litekeena dela zerikusia izatea ABO sistemarekin berariaz.

 
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila