Aireportuetako segurtasuna

Gabonak baino lehen Eskoziako zeruan lehertutako hegazkinaren kasuak, aireportutako segurtasun-neurriak zalantzan jarri ditu berriro.

Aireportuetan X izpizko ekipamenduak erabiltzen dira maletak eta fardelak miatzeko. Arazoa zera da: aireportuetan egoten diren X izpizko tresnak leherkari plastikoak detektatzeko gai ez izatea. Izan ere leherkari hauek oso egonkorrak dira lehertu aurretik eta gas-jariorik ez dute ia.

Leherkari plastikoak bi konposatuz (ziklotrimetil trinitraminaz eta pentaeritrita tetranitratoz) osatzen dira nagusiki. Eskoziako leherketan ustez erabili den Semex izenekoak, bietatik %44,5 du eta gainerakoa plastifikatzailea da.

Egun aireportutan dauden segurtasun-sistemak, joan den hamarkadan gertatutako bahiketei aurre egiteko pentsatuta daude. Bi motako tresnak erabiltzen dira eskuharki: X izpizko aparatuak eta metal-detektagailuak. Zenbait tokitan, Seulen esaterako, leherkariak detektatzeko tresneria ere badago.

X izpizko tresnek maletaren barruan dauden objektuen itzala ematen dute eta teknikak mugak ditu. Tresnak X izpiak igortzen ditu maletan zehar. Maletaren beste aldean diodo-bateria batek X izpiak detektatzen ditu. Material batek zurgatzen duen X izpien kopurua, lodiera, dentsitate eta izaera kimikoaren menpeko da. Horrexegatik pistola baten metal trinkoak X izpi asko zurgatzen du eta detektagailuaren pantailan itzal definitua ikusten da. Plastikoak ordea oso X izpi gutxi zurgatzen du eta ez du itzal definiturik ematen.

Britainia Haundiko Aireportuetako Agentzia X izpizko tresna berri bat probatzen ari da Londreseko Gatwick aireportuan. Tresna honek energia handiko eta txikiko X izpiak erabiltzen ditu eta leherkari plastikoak detektatzeko balio dezake.

Hala eta guztiz ere, teknologia alternatiboak proposatzen dira. Bat substantzia guztiek duten kapazitantzia desberdinean oinarritzen da. 1970.eko hamarkadan bonba-paketeak detektatzeko erabili izan zen eta antza, aldaketa txiki batzuk egin ondoren, aireportuetan ere erabil daiteke.

Maletak izpi infragorriz aztertzea edota leherkariei darien lurrinak detektatzea ere proposatu izan da alternatiba moduan. Lurrinak detektatzea dena den, ez da oso erraza; leherkari plastikoei oso lurrin gutxi bait darie. Oso erabilgarria da, aitzitik, nitroglizerina edo dinamitaren kasuan.

Honelako detektagailu bat Seulen erabili da Joko Olinpikoetan eta tresnaren fabrikatzaileek esaten dutenez, bilioi bat molekulatan leherkari-molekula bat detektatzeko gai da. Sistemaren oinarria zera da: leherkariei lurrin nitrosoak darizkie eta hauek sortzen duten karga elektrikoaren arabera identifika daitezke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila