Aingirek nahiago dute etxe inguruko bikotekidea

Erresuma Batuko Surrey Unibertsitateko biologoek egindako ikerketa baten arabera, ugaltzera Europako ibaietatik Sargazoen itsasora joaten diren aingirek kontuan izaten dute bikotekidearen bizitokia eta, ahal dela, beren etxe inguruko aingirekin elkartzen dira.Biologoen ustez, baliteke geneak leku batean bizitzeko edo leku jakin batera bidaiatzeko egokituta egotea.Ondorio horretara heltzeko, biologoek aingiren ADNaren mikrosateliteak aztertu dituzte.

Mikrosateliteetan, bi eta lau letra bitarteko serieak behin eta berriro errepikatzen dira (adibidez, ...ACTACTACT...). Mikrosatelite horien luzera asko aldatzen da banako batetik bestera, oso errepikakorra denez, askotan akatsak izaten baitira kopiatzean. Horregatik, oso erabilgarriak dira hatz-marka gisa. Surreyko biologoek 611 aingiren mikrosateliteak aztertu zituzten eta, horien luzeraren arabera, aingira bakoitza nondik etorri zen esateko gai izan ziren.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila