Agustín Sánchez Lavega astrofisikariarentzat da 2016ko Euskadi Ikerkuntza Saria. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ematen du sari hori, eta, jakinarazpenean gogoratu dutenez, Sánchez Lavega aitzindari izan da Euskadiko espazio-zientzien arloan astronomia eta astrofisika txertatzen: Zientzia Planetarioen Taldea sortu zuen, baita Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Espazio Gela eta Behatoki Astronomikoa.
Ikerketan, eremu esperimentalean zein teorikoan aritu da. Besteak beste, Jupiter, Saturno eta honen satelite Titanen atmosferetako ekaitz-ereduak garatu ditu, Artizarra, Jupiter eta Saturnoko haizeen ereduak, baita planeta erraldoietako antizikloi eta zikloi erraldoien izaerari buruzkoak ere.
Oinarrizko zientzian egin duen ikerketaz gain, Sánchez Lavega irakasleak astronomia-instrumentazioaren garapen teknologikoan ere badihardu, EHUren PlanetCam proiektuan. Teknologia espazialaren eremuan, Europako Espazio Agentziaren zenbait proiektutan parte hartu du, hala nola, Venus Express misioaren VIRTIS proiektuan, eta JUICE misio espazialaren MAGIS proiektuan. Halaber, Marte planetarako NASAren Mars 2020 misioan MEDA instrumentuaren ikertzaile-kide eta koordinatzaile zientifiko izendatua izan da.
Elhuyarrek garatutako teknologia