Baiztatu dute Paleolitoan gizaki modernoa Afrikara itzuli zela

Errumaniako Pestera Murieii kobazuloan aurkitutako 35.000 urteko emakume baten hezurrak jaso, eta hortzetako DNA aztertu dute EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animali Fisiologia saileko ikertzaileek. Hortzetako genoma mitokondriala begiratzean, gaur egun Afrika Iparraldean ohikoak diren ezaugarri genetikoak dituela ikusi dute, eta horien arbasoa dela ondorioztatu dute. Hortaz, egungo Afrika iparraldeko gizakiak Eurasiatik Afrikara bueltan joandako gizakien ondorengoak lirateke.

afrikara-buelta-paleolitikoan-ere
Pestera Muierii kobazuloak aurkitutako emakumearen garezurra, duela 35.000 urtekoa. Haren hortzetatik genoma mitokrondrial osoa sekuentziatu ahal izan dute. Arg. E. Trinkaus eta A. Soficaru

Duela 60.000 urte Homo sapiens Afrikatik atera eta Europan zehar hedatzen hasi eta gero (Neandertalen antzinako giza okupaziotik Homo sapiens-aren zabalkunderako trantsizioa hasita), lehenengo populazio horietako batzuek Eurasiatik berriz Afrikara atzera-buelta egin zuten susmoa zegoen, eta EHUko ikertzaileen eskutik iritsi dira horren froga genetikoak.

Dagoeneko bazekiten zabalkunde eurasiarra eta gero giza talderen batek Eurasiatik Afrikara migratu zuela, baina Neolito garaikoa litzateke migrazio hori, duela 4.500 urte ingurukoa bakarrik. Paleolito garaian emandako fenomeno migratzaile horren probarik, ordea, ez zegoen orain arte, Afrika iparraldeko antzinako giza arrastoen eskasiak ez duelako aukerarik eman. Orain, Conchi de la Ruaren eta Monserrat Hervellaren EHUko ikerketa-taldeak Scientific Reports aldizkarian argitaratutako lanak, ordea, goi paleolito goiztiarrean ere halako migrazio bat gertatu zenaren ebidentzia genetikoak erakutsi ditu. Duela 40.000-35.000 urte inguruan hasitako itzulera litzateke.

Errumanian aurkitutako gizakia Homo sapiens da, baina gizaki modernoen eta neandertalen ezaugarri morfologikoen nahasketa azaltzen du. Duela 35.000 urteko gizakia da. Haren mitokondrioetako genoma aztertuta, U6 haplotaldea identifikatu dute, orain arte antzinako gizakietan zein gaur egungo gizaki modernoetan aurkitu gabekoa. U6-tik eratorritako haplotipoak batez ere gaur egungo Afrikako Ipar Mendealdeko populazioetan azaltzen dira. U6 haplotalde basal hori Errumanian egoteak baieztatzen du U6 linaje mitokondrialak jatorri eurasiarra duela.

“Ez dakigu ondo nondik itzuli ziren, baina Sinaiko penintsulatik izango zen” –argitu ditu Conchi de la Rua genetikariak– “Itzulerako bidaia horrek milaka urte iraungo zituen, noski. Beste populazio batzuk han inguruan geratuko ziren, Europan, antzinako leinu euroasiar horretatik eratorri zirenak ere eta U5 leinua bezala ezagutzen duguna”.

Conchi de la Rua, Santos Alonso, Monserrat Hervella eta Neskuts Izagirre.

"Seguruenik, Eurasiako garai hartako baldintza klimatikoek behartuta –kontuan hartu glaziazio betean daudela– , talde txiki batzuk babesean dauden guneetan geratuko ziren, baina beste talde batzuek hegoalderantz joko zuten. Izan ere, iparralderantz ezingo zuten jo, izotz asko zegoen-eta”.

 “Gure aurkikuntzak puzzlea berregiten lagundu du eta atzera-migrazioaren hipotesiari indarra eman dio. Bestetik, Eurasian leinu hori zegoenaren ebidentzia zuzena da. Ez genuen uste gune horretan U6 leinua egongo zenik, Europa osoan ez baitago U6rik gaur egun. Gainera, U6 basala da aurkitu dugun hori, oso antzinakoa, gerora, gaur egungo Afrika iparraldeko leinuetan ikusten diren beste U6 batzuen sorburu izan dena”.

Hemen EHUk egindako bideoa ikusgai.

HemerotekaHomo sapiens gizakia bere bakardadean.

 

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.