Neurologo ingeles eta alemaniarrez osaturiko taldeak adimen orokorraren oinarri neuronalak ezarri dituztela adierazi du. Ikertzaileek 13 boluntarioren garuneko odol-fluxua aztertu zuten PET (Positron Emission Tomography) teknikaren bidez.
Horretarako, boluntarioei adimen orokorra neurtzeko hiru test egitea eskatu zitzaien. Ondoren ikertzaileek lortutako emaitzak alderatu eta test guztietan jarduera neuronal komuna zegoen ala ez begiratu zuten. Lanak garuneko gune zehatza aktibatzen zuen edo, alderantziz, eskualde zabala aktibatzen zuen jakin nahi zuten. Hiru testetan kopeta-hezurreko kortexaren alboaldean jarduera nabaria ikusi zuten, batzuetan garuneko hemisferio bakarrean eta besteetan bietan. Hori ikusita, gune horretan adimenaren oinarria dagoela ondorioztatu dute.
Yale Unibertsitateko Robert Sternberg adituak, berriz, garrantzia kendu nahi izan dio aurkikuntzari. Haren ustez, garuneko kopeta-lobuluetan adimenaren oinarria dagoela esatea gehiegizkoa da. Oinarri neuronalak kausa-efektuzko erlazioa eskatzen du eta egindako ikerketan korrelazio hutsa besterik ez da behatu. Baina desadostasunen gainetik John Duncan -ikerketaren arduraduna- eta Robert Sternberg bat datoz honakoan: aurkitutakoa giza adimenaren oinarri neuronala ulertzeko pauso garrantsitsua dela.