Adimen artifiziala eta teknologia mikroskopiko berriak konbinatuta, tresna bat sortu dute zelula arruntak bereizteko minbizi-zeluletatik eta birusek infektatutakoetatik, faserik goiztiarrenean. Horri esker, bidea ireki da diagnostikorako eta tratamendurako -estrategia berriak garatzeko.
AINU deitu diote tresna horri, eta, haren garapenean, hainbat zentrotako ikertzaileak aritu dira elkarlanean: Erregulazio Genomikorako Zentroa (CRG, Bartzelona), Guangdongeko Zientzia Medikoen Akademia (Txina), Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Donostia International Physics Center (DIPC) eta Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB). Nature Machine Intelligence aldizkarian argitaratu dute egindako lana, irekian.
Azaldu dutenez, garatu duten AINU tresnak (AI of the NUcleus) zelulen bereizmen handiko irudiak eskaneatzen ditu. Irudi horiek STORM izeneko mikroskopia-teknika berezi baten bidez lortzen dituzte; bereizmena hain da handia, ezen AINU gai baita patroi espezifikoak eta diferentziak zehaztasun handiz detektatzeko.
Eredua entrenatzeko, hainbat egoeratan zeuden zelula-mota askotako nukleoaren bereizmen nanometrikoko irudiekin elikatu zuten ikertzaileek. Horrela, zeluletan eredu espezifikoak bereizten ikasi zuen ereduak.
Adibidez, minbizi-zelulek, zelula normalekin alderatuta, aldaketa bereizgarriak izaten dituzte DNA antolatzeko moduan edo nukleo barruko entzimen banaketan. Entrenamenduaren ondoren, AINU gai izan zen nukleoen irudi berriak aztertzeko, eta minbizi-zelulatzat edo zelula normaltzat sailkatzeko, ezaugarri horietan oinarrituta. Halaber, 1 motako herpes sinplearen birusak zelula bat infektatu eta ordubetera, zelula horren nukleoan aldaketak detektatzeko gai ere izan zen. Izan ere, birusak aldaketa txikiak eragiten ditu DNAren dentsitatean. Azkenik, zelula amekin ere baliagarria dela erakutsi dute.
AINUk aukera interesgarriak eskaintzen baditu ere, ikertzaileek ohartarazi dute oraindik muga handiak gainditu behar dituztela, ingurune klinikoan probatzeko eta erabiltzerako.
Elhuyarrek garatutako teknologia