Inguruko zelulak janez irauten dute bizirik kimioterapiaz tratatutako minbizi-zelula batzuek

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

inguruko-zelulak-janez-irauten-dute-bizirik-kimiot
Sagu baten bularreko tumore bat, kimioterapiaz tratatua. Minbizi-zelula batzuek (mintz berdea) beste batzuk irentsi dituzte (nukleo gorriak). Arg. Tonnessen-Murray et al., 2019

Minbizi-zelula batzuek kimioterapiari aurre egiteko inguruko zelulak jaten dituztela aurkitu dute. Ikertzaileek uste dute energia lortzen dutela horrela, bizirik irauteko, eta tratamendua bukatu ondoren tumorea birsortzeko. Journal of Cell Biology aldizkarian argitaratu dute aurkikuntza.

Kimioterapiatik bizirik ateratzen diren minbizi-zelulek askotan azkar sortzen dituzte berriz tumoreak. Hori gertatzeko joera handia dute, esaterako, TP53 genearen kopia normal bat duten bularreko minbizien kasuek. Kasu horietan kimioterapiaren eraginez hil beharrean, ugaltzeari utzi eta seneszentzia deitzen zaion egoeran gelditzen dira. Eta zelula horiek, egoera horretan bizirauteaz gain, hantura eta tumoreen hazkuntza eragiten dituzten molekula mordo bat ekoizten dute.

Orain ikusi dute kimioterapiaren ondorioz seneszentzia-egoeran gelditzen diren bularreko minbizi-zelulek askotan inguruko minbizi-zelulak irensten dituztela. Laborategian hazitako minbizi-zeluletan eta saguen tumoreetan behatu diote jokabide horri, eta biriketako eta hezurretako minbizi-zeluletan ere gertatzen dela ikusi dute. Zelula seneszente horietan leukozitoetan aktibatuta dauden gene-talde bat aktibatzen dela ere ikusi dute (mikroorganismo patogenoak eta zaborra irensten dituzte leukozitoek). Eta baieztatu dute, inguruko zelulak jaten dituzten zelula seneszenteek hori egiten ez dutenek baino luzeago irauten dutela bizirik. Hala, prozesu hori inhibitzea aukera terapeutiko berri bat izan liteke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila