Aluminiozko xafla bat eta laser bat nahikoa izan daitezke minbiziaren tratamenduan aurrerapauso handia emateko.
Normalean azeleratzaile linearren bidez sortzen diren energia handiko elektroiak edo gamma izpiak erabiltzen dira tumoreak irradiatu eta suntsitzeko. Baina horiek tumorerainoko bidean aurkitzen dituzten beste elektroiekin eragiten dute eta energia asko galtzen dute bidean. Protoiek berriz ez dute halako elkarrekintzarik izaten eta duten energia ia gehiena tumorea suntsitzeko erabiltzen dute. Protoiak azeleratzeko ordea, ziklotroi erraldoiak behar dira eta horien kostua ikaragarri handia da.
Michigan Unibertsitateko ikertzaile-talde batek protoiak sortzeko eta azeleratzeko modu merkeagoa garatu berri du: 10 mikrometro lodi den aluminiozko xafla 400 femtosegundoko laser-pultsuez irradiatzen dute. Laserrak sortzen duen eremu elektromagnetiko sendoak aluminioaren gainean kondentsaturik dauden ur-molekuletako hidrogeno-atomoen elektroiak erauzi eta izpiaren norabidean jaurtikitzen ditu. Elektroirik gabe geratu diren hidrogeno-nukleoek —protoiek— bortizki elkar aldaratzen dute eta izpiak elektroiekin batera jaurtikitzen ditu. Horren emaitza 10 bilioi protoi eta 2 megaelektronvolt-eko energia duen pultsua da. Tumoreetako zelulak suntsitzeko ehunka aldiz handiagoa den energia-iturria behar da, baina ikertzaileen ustetan, potentzia handiagoko laser batekin eta 20 femtosegundoko pultsuak segundoko 100 bider erabiliz energia hori lor daiteke.
Aparailua bost urte barru ospitaleetan erabiltzeko prest egongo delakoan dira asmatzaileak. Ziklotroiarekin alderatuta abantaila handiak ditu, aipatu abantaila ekonomikoaz gain: aparailuak askoz leku txikiagoa behar du eta izpi finagoa sortzen du; 10 mikrometro zabal ziklotroiaren milimetro batzuen aldean. Horregatik, garuneko tumoreak tratatzeko bereziki aproposa izan daiteke.