Abakando-begiak dituen teleskopioa

Abakando-begiak dituen teleskopioa
2006/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: D. Watson/Leicester Unibertsitatea)

Ikus-eremu oso zabala duen X izpiko teleskopio bat egiten ari da Europako astronomo-talde bat, abakandoaren begietan oinarrituta.

Giza begiak, fokatzeko, lenteetan zehar bideratzen du argia. Abakandoarenak, berriz, kanal ñimiñoen sare erraldoi batean islatuz fokatzen du; horri esker, ikus-eremu izugarri zabala du.

Astronomoak 1970eko hamarkadatik saiatu izan dira horretan oinarritutako X izpiko teleskopio bat egiten, baina 30 urte itxaron behar izan dute optika behar adina aurreratuta egoteko. Azkenean, hasiak dira halako teleskopio bat garatzen. Ingelesez Lobster All-Sky X-ray Monitor deitzen diote, hau da, Zeru Osorako X Izpiko Abakando Teleskopioa, gutxi gorabehera.

Helburua Nazioarteko Espazio Estazioan (ISS) jartzea da. Astronomoen esanean, oso baliagarria izango da leherketak eta supernoben moduko gertakari ikusgarriak atzemateko. Gainera, alerta-sistema gisa erabiltzea ere espero dute, zerbait hauteman orduko berehala bidaliko baitu abisua Lurrera. Hartara, beste uhin-luzera batzuetan lan egiten duten teleskopioak komeni den lekura begira jar daitezke.

1
221
2006
6
032
Astronomia
Berriak labur
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila