Greenwich Unibertsitateko Baliabide Naturalen Institutuan diatomeo-lurra erabili dute biltegian gordetako laboreak intsektuetatik babesteko pestizida prestatzeko. Ustez, teknika hori orain 4.000 urteko txinatarrek ere erabiltzen zuten. Ikerketa egiteko, harria hauts bihurtu eta biltegiko labore-aleekin nahasi dute eta, Zinbawen eginiko saiakeretan, laboreak 8 hilabetetik gora intsektuen erasoetatik salbu gordetzea lortu dute.
Diatomeo-lurra ohiko pestizidak bezain eraginkorra dela frogatu dute, baina abantaila handi bat du: ez gizakiarentzat ezta beste ugaztunentzat ere ez da toxikoa. Diatomeo-lurrak intsektuen kanpo-eskeletoko argizari-geruza xurgatzen du, eta intsektua deshidratatu eta hil egiten da. Diatomeo-lurra fitoplanktonetik eratorritako kare harria da eta nahiko arrunta da munduko toki gehienetan. Beraz, pestizida natural, eraginkor eta merke bat izango genuke eskura.