2014a izan da dokumentatutako urterik beroena

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Lurraren gainazaleko batez besteko tenperatura inoizko handiena izan da 2014n, datuak biltzen direnetik. Hala adierazi dute Japoniako Meteorologia Agentziak, NASAk eta Estatu Batuetako Ozeanoen eta Atmosferaren Erakundeak (NOAA).
2014a-izan-da-dokumentatutako-urte-beroena
Gainazaleko batez besteko tenperaturaren igoera, urtez urte. Grafikoan beltzez jasota dagoen datua honakoa da: urte bakoitzaren batez besteko tenperaturaren desbiazioa (anomalia) erreferentzia jakin batekiko. Erreferentzia hori 1981-2010 epealdiko batez besteko tenperatura da. Lerro urdinean bosna urteka daude irudikatuta tenperaturaren batezbestekoak, eta lerro gorriak epe luzeko joera lineala adierazten du. Arg. Japoniako Meteorologia Agentzia (erredakzioan euskaratua)

Sateliteen eta estazio meteorologikoen bidez, lurrazaleko eta itsas azaleko tenperaturaren jarraipena egiten dute hiru erakunde horiek urtez urte, Erresuma Batuko Hadley zentroarekin batera. Azken horren behin-betiko analisiaren zain, bat datozen datuak argitaratu berri dituzte beste hiru erakundeek.

Japoniako Meteorologia Agentziak urtarrilaren 5ean argitaratu zituen bere datuak. Horien arabera, 1891tik (datuak biltzen hasi zirenetik) izan den urterik beroena izan zen iazkoa. Zehazki, 1981-2010 aldiaren batez besteko tenperatura baino 0,27 ºC beroagoa izan da 2014, eta XX. mendearen batez besteko tenperatura baino 0,63 ºC beroagoa. Denbora-eskala luzeagoari erreparatuz gero, datuek erakusten dute 0,70 ºC  igo dela batez besteko tenperatura, mende batean.

2014ra arte, 2010, 2005 eta 1998 izan ziren, hurrenez urren, urte beroenak. Alabaina, urte horietan El Niño fenomenoa gertatu zen Pazifikoan, eta El Niño urteak beroagoak izan ohi dira. 2014, ordea, El Niño-rik gabekoa izan da, eta horregatik are adierazgarriagotzat jo dute meteorologoek maximoa.

Japoniako Meteorologia Agentziaren ondotik, joan den urtarrilaren 16an eman zituzten NASAk eta NOAAk datuak. 1880an hasten da haien erregistroa, eta, kasu honetan ere, 2014 urtea ageri da goiko erpinean. 10 urte beroenak ere ez daude oso urruti: 2000. urtetik aurrerakoak dira guztiak (salbu eta 1998), datuek erakustez dutenez.

Hurrengo bideoan Lurraren batez besteko tenperaturaren eboluzioa jaso du NASAk, 1880tik 2014ra (bosna urteko seriak daude adierazita):

“Urte beroen serie bateko azkena da hau —adierazi du NASAko Gavin Schmidtek—. Urteetako bakoitzari eguraldi-patroi kaotikoek eragin ahal diete, baina epe luzeko joeren atzean klima-aldaketaren eragileak daude; gaur egun, batez ere, gizakiak isuritako berotegi-gasak”.  

Hadley zentroak ez du oraindik argitaratu planeta osoaren batez besteko tenperaturaren emaitza. Erresuma Batuari dagokionaren berri eman du, eta azken horrek ere bat egiten du beste hiru erakundeen datuekin.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila