Richard Conn Henry astronomoak, ohiko egutegiaren ordez, egutegi praktikoago bat proposatu du. Egutegi hori urtaroei egokituago dago, Johns Hopkins Unibertsitateko astronomoaren esanean, baina ez da hori duen ezaugarri nagusia. Egutegi hori, batez ere, praktikoa da, urtero-urtero data bakoitza asteko egun berean izango litzateke eta; adibidez, Urteberri-eguna igandea izango litzateke beti.
Gainerakoan ez dakar aldaketa handirik: hamaika hilabete daude, 30 edo 31 egunekoak, eta zazpi eguneko asteak. Praktikoa da, beraz, eta abantaila ekonomikoak ere baditu: akabo urtero jai-egunak eta opor-egunak kontatu beharra lantokiko edo eskolako lan-egutegia moldatzeko; behin eginda nahikoa da.
Darabilgun egutegi gregoriarrak urte bisustua du lau urtean behin, Lurreko urteak 365 egun beharrean 365,2422 dituela konpentsatzeko. Bada, egutegi berri horretan, arazo hori konpontzeko, bost edo sei urtean behin aste bat gehiago egongo litzateke ekainaren eta uztailaren artean, Newton astea deitutakoa.
Dagoeneko egutegi berriaren aldeko elkarte bat sortu dute, eta kanpaina egiten ari dira datorren urtean bertan ezar dadin; izan ere, 2006ko urtarrilaren 1a data egokia da egutegi berri horrekin hasteko, igandea baita.