1918ko birus hilgarria berpiztu dute

1918ko birus hilgarria berpiztu dute
2005/11/01 | Elhuyar
(Argazkia: R. hamiltin / moe)

1918an, gripe-izurri batek 40 milioi lagun inguru hil zituen mundu osoan. Orain, birus hura laborategian berpiztea lortu dute AEBetako zientzialariek. Helburua birusaren sekretuak agerian uztea da, hegaztiaren birusaren aurka egiteko balioko duelakoan. Izan ere, biak hegaztietatik gizakietara pasatutako birusak dira.

1918ko gripe-birusa berpizteko, garai hartan hildako lagun baten laginetatik abiatu dira. Hain zuzen, hilotza Alaskako permafrostean kontserbatu da urte askoan. Haren biriken ehunetik birusaren RNA berreskuratu eta DNA bilakatu dute, gero sekuentziatzeko. Aipatzekoa da birusak zortzi gene besterik ez duela; gizakiak 30.000-40.000 inguru ditu.

Sekuentzia osoa orain argitaratu dute, eta, informazio horretan oinarrituta, beste laborategi batean birusaren DNA sintetizatu dute. Gero, giza giltzurrun-zeluletan sartu dute DNA hori, eta hala lortu dituzte birus-partikulak. Horiek isolatu, eta saguei injektatu dizkiete.

Laborategian, heriotza eragiteko gaitasuna ondo baino hobeto gorde duela erakutsi du birusak. Bost egunetan, kutsatutako sagu guztiak hilda zeuden. Birusa birika-zeluletan sartuz gero, berriz, ohiko gripe-birus batek baino 39.000 aldiz birus gehiago sortzen ditu lau egunetan.

Esperimentuak batzuen errezeloa eragin du, beldur baitira birusak ihes egingo ote duen. Horretaz gain, genomaren sekuentzia datu-base batean dagoenez, edonork hartu eta birusa berregiteko arriskua ere badagoela uste dute. Hala ere, ikerketaren alde daudenen esanean, arrisku handiagoa dago naturan.

1
214
2005
11
015
Mikrobiologia
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila