18.000 urte baino gehiagoko margoak aurkitu dituzte Gipuzkoako kobazulo batean

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

18000-urte-baino-gehiagoko-margoak-aurkitu-dituzte
Danbolinzulon aurkitutako margoetako bat. Arg. Antxueta Elkartea

Danbolinzulo kobazuloan (Zestoa, Gipuzkoa), 18.000 urte baino gehiago dituzten margoak aurkitu dituzte Antxieta elkarteko kideek. Aurkikuntza ustekabekoa izan da; izan ere, kobazuloa lehendik ere ezaguna zen arren, orain arte ez ziren konturatu horman margoak zeudenik. Alvaro Arrizabalaga, Marcos García eta Mª José Iriarte EHUko eta Ikerbasqueko ikertzaileek baieztatu dutenez, ordea, ez dago zalantzarik margoak benetakoak direla.

Azaldu dutenez, bost animalia-irudi bereiz daitezke, eta, oraindik datatu gabe badaude ere, gutxienez 18.000 urte dituztela kalkulatu dute. Horretarako, margoen itxuran eta inguruko kobazuloetan dauden beste margoekin alderaketan oinarritu dira. Irudi guztiak burdin oxidoz eginak daude, eta horietako batzuetan puntuzko trazatua antzeman daiteke.

Danbolinzulokoa seigarren aurkikuntza da Gipuzkoan, eta garrantzitsua da Goi Paleolitoko populazioen bizimodua, mugikortasuna eta ingurunearekin zuen harremana ulertzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila