Ipar Amerikan giza presentziaren aztarna zaharrena dena identifikatu dute: duela 14.300 urteko giza gorotz fosildua. Amerika osoko giza DNAren aztarna zaharrena ere bada.
Oregonen egin dute aurkikuntza, Cascade Range mendietan. 2002an hasitako indusketetan, 700 koprolito inguru bildu zituzten koba batean. Gehienak animalien gorotz fosilduak ziren, baina bazuten susmoa batzuk gizakienak zirela. Hirurogei lagin Copenhagengo Unibertsitatera bidali zituzten, DNA mitokondrialaren azterketak egitera. Genetikaren bidez ikusi dute sei lagin giza jatorrikoak direla, gutxienez bi giza taldetakoak; biak Siberia eta Asiako giza taldeekin lotuta.
Bestelako gauzak ere aurkitu dituzte koban, baina hezurrik ez.
Orain arte Ipar Ameriketan aurkitutako giza aztarna arkeologiko zaharrenak duela 10.000 urte ingurukoak dira, nahiz eta badauden datuak duela 13.200-12.900 urte gizakia bizi zela erakusten dutenak. Hego Amerikan, giza kokalekuen aztarna zaharrena Txileko Monte Verden dago, eta duela 14.500 urtekoa da.