Elhuyar Fundazioa
AMD eta Intel-ek 700 MHz-eko prozesadorea dela eta duten gudaz idazten ari nintzela, AMD berak 1,1 GHz-eko prozesadorea (1.100 MHz) urtarrilaren 10ean salgai jarriko duela jakin nuen. Horretaz idazteko informazioa bilatzen hasi, eta Intel-ek 1.100 MHz-eko ‘Athlon Killer’ izeneko txip berria abenduan kaleratuko duela jakin nuen.
Horretaz guztiaz ez dago informazio ofizialik, oraingoz zurrumurruak besterik ez dira, baina ziur artikulu hau zuen eskutan izaterako 1.500 MHz-eko abiadurako txip-az arituko direla.
Abiaduraren guda honetan, ziur dudan gauza bakarra hasiera batean idatzi nuena da, hau da, AMDk 700 MHz-eko abiadura duen Athlon prozesadorea kaleratu duela eta Intel-ek urte-bukaerarako 733 MHz-eko Pentium IIIa iragarri duela.
Adituek diotenez, guda honek amaiera bat izango du, eta ez da izango batek edo besteak irabaziko dutelako, baizik eta une batetik aurrera fisikoki ezinezkoa izango delako abiadura azkarragoa lortzea. Ez dakit hori egia den, baina gu zorabiatzeko bidean goaz!!
Informazio gehiago: www.amd.com eta www.intel.com