Elhuyar Zientzia Azokak STEAM Euskadi saria irabazi du, STEAM hezkuntzako ekimenik berritzaileenaren kategorian

Elhuyar Zientzia Azokak STEAM Euskadi saria jaso du gaur goizean, Bilbon egin den STEAM Euskadi Sariak sari-banaketaren ekitaldian. STEAM hezkuntzako ekimenik berritzaileenaren kategorian izan da saritua. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Centro de Recerca per a l’Educació Científica i Matemàtica (CRECIM) zentroak eta Innobasque Berrikuntzarako Euskal Agentziak osatutako Batzorde Teknikoak hautatu du proiektua, deialdira aurkeztutako 133 hautagaitzen artean.
elhuyar-zientzia-azokak-steam-euskadi-saria-irabaz

 

Elhuyar Zientzia Azokaren helburuak, STEAM izaera, erabiltzen den metodologia, lortutako emaitzak, izaera berritzailea eta ezarri beharreko hobekuntzak azpimarratu ditu epaimahaiak.

Urteetako lanaren emaitza da Elhuyar Zientzia Azokak jaso duen saria. Gazteei eskaintzen zaizkien zientzia-bizipenez osatutako ibilbide oparoa du proiektuak, eta zientzia- eta teknologia-mundu profesionalaren komunitateak ere parte hartzen du bertan. Elhuyarren formula, izan ere, hau da: “Bizipenak eta komunitatea”.

“Bagenekien esperientzia luzeek eragiten dutela gehien gazteen etorkizunerako asmoetan; gazteak protagonista izatea, asmatzaile gisa edo ikertzaile-lanetan lehenengo pertsonan aritzea, hori zela garrantzitsuena”, adierazi du Aitziber Lasa Iglesias Elhuyar STEAM hezkuntzako arduradunak, saria jasotzean. Lasak azaldutakoaren arabera, zientziaren eta teknologiaren profesio errealekin lotutako bizipenak eskaini nahi dituzte, eta esperientzia motibagarriak eragin, estereotipoak hautsi, nesken artean STEM sustatu eta beste era bateko erreferenteak eskaini.

“Elhuyarrekoek bagenuen aukera zientziaren edo teknologiaren munduko hainbat eta hainbat profesional gurekin inplikatzeko, STEM profesionalen komunitatea inplikatzeko, ondo ezagutzen baititugu euskal zientzia-sistemako eragileak eta profesionalak”, gehitu du Lasak.

Zientzia Azokaren protagonistak gazteak dira, 12-18 urte bitarteko gazteak. Baina irakasleak dira benetan ezinbestekoak, eta berebiziko garrantzia du ikastetxeek berek eskaintzen dioten laguntza eta hezkuntza-sistemak berak eskain diezaiokeena, Elhuyarkideen esanetan.

Aitziber Lasak, halaber, eskerrak eman nahi izan dizkie Elhuyar Zientzia Azokaren parte diren babesle, kolaboratzaile eta parte-hartzaileei. “Zuen elkarlana eta konpromisoa dago STEAM Euskadi sari honen atzean. Eskerrik asko beraz, guztiei”.

Elhuyar Zientza Azoka

2013an egin zen Elhuyar Zientzia Azokaren lehen edizioa. Sorreratik gaur arte, 12-18 urte bitarteko 6.000 bat gaztek hartu dute parte Elhuyar Zientzia Azokan. Guztira 900 ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko egin dira, eta, horietatik, 700 lan inguru aurkeztu dira Bilboko Plaza Barrian antolatzen den Elhuyar Zientzia Azokan. Prozesu horretan guztian zehar, Elhuyar Zientzia Azokako kolaboratzaile-sareko ikertzaile profesionalak izan dituzte gazteek bidelagun, lana bideratzen laguntzeko. Horrek guztiak aukera eman die ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko. Gainera, aliantza horiei esker, ikerketa-zentro, zentro teknologiko eta enpresetako egonaldiak eta estatuko zein nazioarteko zientzia-azoketan parte hartzeko esperientziak bizi izan dituzte gazteek.

2019-2020 ikasturtean, COVID-19aren pandemiak eragindako egoerara moldatu da Elhuyar Zientzia Azoka, eta, zailtasunen gainetik, aukera berriak zabaldu dira. Horren erakusle da amaitzear den Elhuyar Zientzia Azoka bideo-lehiaketaren lehen edizioa. Gazteek bideo bidez aurkeztu dituzte euren ikerketa-proiektu edo proiektu teknologikoak. Guztira 241 gazteren 81 lan jaso dira. Hilabete barru banatuko dira sariak.

Era berean, urtarrilean irekiko da 2020-2021 ikasturteko Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea. Urte berezi honetan, egoera dela eta, Elhuyar Zientzia Azoka birtuala izango da. Dena dela, egoerak ahalbidetzen badu, maiatzean, azoka presentziala egingo da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila