Irakurgailu perfektuaren zain

Leturia Azkarate, Igor

Informatikaria eta ikertzailea

Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia

Badira hiruzpalau urte liburu-irakurgailu elektroniko edo e-book reader deritzenak gure artean ikusten hasi ginenetik. 2010ean, berriz, Apple-k bere iPad-a atera zuen, besteak beste irakurgailu gisa erabiltzeko aproposa. Eta izandako arrakastaren atzetik, beste enpresa askok atera dituzte edo ateratzear daude antzeko tablet ak. Bi gailu-motek abantaila eta desabantailak dituzte, baina oraindik asmatzeke dago bien alderdi onenak biltzen dituen gailua. Irakurgailu perfektu hori sortzeko lanean ari dira ikertzaileak, baina geldituko al da harentzako tokirik merkatuan?
Irakurgailu perfektuaren zain
2011/01/01 | Leturia Azkarate, Igor | Informatikaria eta ikertzailea

Liburu-irakurgailu elektronikoak

Kindle liburu-irakurgailu elektronikoa eta iPad tablet a. Oraindik askatzeke dago bi gailu-moten alderdi onek biltzen dituena. Arg.: Amazon.com eta Apple.

Liburu-irakurgailu elektronikoa, gaur ezagutzen dugun gisara, Sony-k merkaturatu zuen lehenbizikoz 2006an, Sony Reader izenarekin. Baina 2007an Amazon on line liburu-dendak ateratako Kindle-a da, ziurrenik, arrakasta handiena izan duena. Barnes Noble liburu-denda katearen Nook-ak edo ondoren atera diren beste gailu ugariek ez diote itzalik egin Kindle-ari. Kontuak kontu, gaur egun aukera zabala dago irakurgailu elektronikoen munduan.

E-reader edo liburu-irakurgailu elektronikoek tinta elektronikoz funtzionatzen dute. Teknologia honek, ohiko CRT, LCD edo TFT pantailek ez bezala, ez ditu pantailaren puntuak etengabe elektrikoki argiztatzen: pantailako irudia aldatu behar den bakoitzean, berau osatzen duten gelaxketako bakoitzean dagokion kolorea (zuria edo beltza) jartzen du elektrizitatea erabiliz, baina, ondoren, pantailako irudia mantentzeko ez du elektrizitate gehiagoren beharrik. Hori da, hain zuzen ere, tinta elektronikoaren abantaila nagusia: haren energia-kontsumo txikia. Pantailako irudia orria aldatzen dugun bakoitzean soilik aldatu behar denez eta hori ez denez oso maiz gertatzen, sistema hibernazioan sartzen da berriz orria pasatzeko agintzen diogun arte. Orduan, esnatu egiten da, pantailako irudia aldatzen du, eta berriz ere lotara sartu. Hori dela eta, orria pasatzeko denbora apur bat behar izaten da, baina bateriak egunak irautea lortzen da. Horrez gain, egun-argiz eta eguzkitan ere oso ongi irakur daiteke pantailako edukia, eta ikusmena ez du horrenbeste nekatzen, pantaila ez baita atzetik argitua, islatzailea baizik.

Desabantailak ere baditu teknologia honek, ordea: argi nahikorik ez dagoenean, ezin da ezer ikusi (paperean bezala), zuri-beltzezko edukia soilik erakuts daiteke edo asko jota gris tonuetan (komikiak, edo argazki askoko aldizkari eta egunkariak edo haurrentzako liburu eta ipuinak ikusteko ez da egokia) eta ez du balio pantaila azkar aldatzea eskatzen duten erabileretarako (bideoak ikusteko, adibidez).

Tablet ak

Tablet aren kontzeptua (ukipen-pantailadun ordenagailu eramangarri teklaturik gabea) Microsoft-ek aspaldi asmatu bazuen ere, 2010aren hasieran egin da famatu, Apple-k ateratako iPad-arekin; eta dagoeneko antzeko gailu mordoa dago merkatuan, gehienak Android sistema eragile librearekin.

Gailu hauek ez dute teknologikoki inolako berrikuntzarik; ordenagailu eramangarriek eta bestelako gailuek aspalditik darabilten LCD (Liquid Crystal Display) teknologiarekin dabiltza pantailak. Horregatik, hain justu, irakurgailu elektronikoaren kontrako ezaugarriak ditu: koloretan da, bideoa ikusteko balio du, eta ilunpetan ere ikusten da; aldiz, ez da ongi ikusten egun-argiz, atzetik argitzen denez, bista gehiago nekatzen du, eta bateriak ordu gutxi batzuk baino ez du irauten.

Irakurtzeko gailu perfektua

Ikusten dugunez, bi gailuek dituzte desabantailak. Liburu-irakurgailu elektronikoei dagokienez, zenbaitek katebegi teknologiko soiltzat dute; haien ustez, urte gutxi batzuk iraungo dute, belaunaldi bati paperetik tablet etarako trantsizioan laguntzeko adina. Barnes Noble liburu-denda kateak, adibidez, tinta elektronikoa baztertu, eta LCD teknologia erabili du bere Nook irakurgailuaren bertsio berrian. Beste askoren iritziz, ordea, bateriaren iraupena handicap handiegia da tablet entzat.

Liburu, aldizkari nahiz komikiak irakurtzeko eta/edo ikus-entzunezko edukia ikusteko, aurreko bi gailu-mota horien ezaugarri on guztiak bildu beharko lituzke gailu eramangarri idealak. Zergatik ez da jada horrelakorik existitzen? Ez da ezinezkoa edo garestiegia delako: munduko herrialde behartsuetako haurren hezkuntzan IKTen bidez laguntzeko asmoarekin sortutako OLPC (One Laptop Per Child) proiektuak 2007an atera zuen XO-1 eramangarriak jada bazuen pantaila duala (tinta elektronikoarekin nahiz LCD moduan funtziona zezakeen), eta kostua 200 dolar inguru besterik ez zen. Pantaila haien asmatzaile Mary Lou Jepsen-ek ondoren sortutako Pixel Qi enpresak horrelako pantailak garatzen eta hobetzen jarraitzen du, baina merkatuen inertziek ez dituzte erraz onartzen berrikuntza apurtzaileak... Hala ere, horrelako gailuak ere ez dira guztiz idealak. Bi moduetan lan egin dezakete, baina atzeko argia erabiltzen denean, energia azkar xahutzen da.

Koloretako tinta elektronikoa lortu nahian aritu dira zenbait enpresa azken urteotan, eta, berriki, Hanvon Technology enpresa txinatarrak iragarri du laster kaleratuko duela horrelako pantaila duen gailu bat. Kolorea izan arren, tinta elektronikoaren teknologia erabiliko du, eta, beraz, energia-kontsumo txikia izango du, baina aldi berean bideoa erakusteko abiadura nahikorik ez du izango; horrez gain, koloreak tonu mateetan izango dira.

Bestalde, oraindik produkzio-mailan ez badago ere, Cincinnatiko Unibertsitateak eta Gamma Dynamics enpresak teknologia elektrofluidikoa garatu dute: elektrizitate bidez, pixel bakoitzaren gelaxketan aurrealdera edo atzealdera eramaten da tinta. Bideoa ikusteko besteko abiadura lortzen da, koloretan ikus daiteke, eta kontsumo txikia du.

Eta paper elektronikoa (papera bezain pantaila fin eta malguak) lortzeko ikerketak ere emaitzak ematear daude, teknologia hori azkenaldian gutxitan aipatu den arren. Taiwango ITRI ikerketa-zentroak eta AU Optronics enpresak 2011n espero dute kaleratzea paper elektronikoa erabiltzen duten gailuak.

Beraz, argi dago gaur egun dauden irakurgailu elektronikoek badutela zer hobetua, eta hobekuntza asko iristear daudela. Baina teknologiaren munduan, beste askotan bezala, merkatuak agintzen du, eta ez da beti teknologikoki onena dena gailentzen. Gainera, epe laburreko irabaziei begirako interes komertzialek bultzatuta atera dituzten gailu heldugabe horiek jada merkatuan zabalduta egoteak kalte egin diezaioke gailu berri hobeen hedapenari. Espero dezagun, hala ere, albait lasterren irakurgailu elektroniko askoz hobeak (koloretan, kontsumo txikiarekin eta bideoa ikusteko adinako abiadura dutenak) izatea nagusi merkatuan.

Leturia Azkarate, Igor
2
271
2011
1
17
Hardwarea; Multimedia
Mundu digitala
26
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila