Nondik gatoz?

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

nondik-gatoz

Nondik gatoz? Galdera garrantzitsua da. Urteetan, honako hau izan da paleoantropologoen erantzun gogokoena: Afrikatik. Gure espeziea, Homo sapiens , Afrikan sortu zen, eta handik barreiatu zen munduan zehar. Alabaina, mundua ez zegoen hutsik; beste hominido batzuek lehenago kolonizatu zituzten kontinenteak, eta, urteen poderioz, Homo sapiens espezieak --guk, alegia-- ordezkatu genituen hominido haiek.

Gaur egun ere adituek ontzat ematen dute Homo sapiens aren jatorriaren hipotesi hori, Out of Africa izenekoa (Afrikatik kanpora). Baina fosilen azterketa genetikoa zehaztasunez egin ahal izan dute, eta, haren argitan, teoria egokitu egin behar da. Homo sapiens espeziea neandertalekin gurutzatu zen hasieran, eta Denisova gizakiarekin geroago. Azken horren fosilak aurkitu zituzten Siberiako Denisova kobazuloetan 2010ean, eta gurutzaketaren aztarna genetikoak Asiako hego-ekialdeko DNAn aurkitu dituzte.

Bi gurutzaketa horien aztarnak geratu dira Homo sapiens aren geneetan, eta, horregatik, Christopher Stringer antropologo britainiarrak dio: "Ez dugu jatorri afrikar purua". Hark uste du Out of Africa hipotesia bera berraztertu eta puntu batzuetan birformulatu egin behar dela. Hain zuzen, hipotesiaren sortzaileetako bat izan zen, eta horri buruz hitz egiten du bere azken liburuan, The Origin of our Species liburuan.

Liburuaren izenburuak Charles Darwinen On the Origin of Species ( Espezieen jatorriaz ) liburu ospetsuari egiten dio erreferentzia. Duela 150 urte, gutxi gorabehera, argitaratu zen liburu hura, eta handik abiatzen da kontatzeko nola dagoen gizakiaren sorrerari buruzko teorien panorama.

Liburuan, oso modu zabalean aurkezten du gaia; besteak beste, paleoantropologiaren ikerketa-teknikez ere hitz egiten du, eta horrela erantzuten dio beste galdera bati: nola iritsi den gizakia jakitera bere buruaren jatorriari buruz dakiena.

Bi arrazoi handik egiten dute interesgarri liburua: batetik, ikerketaren protagonistetako batek idatzitako liburua izateak eta, bestetik, gaur egun Homo sapiens aren jatorriari buruz dakiguna laburbiltzeak. Abiapuntu ederra da gure espeziearen sustraiei buruzko gogoeta egiteko.

The Origin of our species
Christopher Stringer
Allen Lane argitaletxea
236 x 160 mm
ISBN: 978-1846141409

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.