"Antropologo bat Marten bezala sentitzen naiz gehienetan". Oliver Sacks neurologoaren esanean, irudipen hori du bere buruaz Temple Grandinek, eta esapide hori erabili zuen Sacksek bere liburuetako bati izenburua emateko.
Liburu horretan Grandinen gorabeherak kontatzen ditu. Grandin autista da, baina dituen berezitasunek ez diote galarazi Coloradoko Unibertsitateko Animalien Zientzien Departamentuan lan egitea. Grandinekin batera, marrazkigintzarako, musikarako, dantzarako edo beste arte-diziplina batzuetarako dohain apartak dituzten beste autista batzuk ere agertzen dira Antropologo bat Marten liburuan.
Hain zuzen ere, egilearen arabera, autisten % 10 inguruk azaltzen du trebezia nabarmenen bat, eta kasu horietako batzuk dira Antropologo bat Marte -ren azken bi kapituluen protagonista. Gainerako atalak, berriz, bestelako asaldura neurologikoak dituzten pertsonei buruzkoak dira. Guztira, liburu interesgarria bezain gozagarria osatzen dute, giza garunaren funtzionamendu arrunta eta ezohikoa zein gure jokabideak ulertzeko aproposa.
Edonola ere, oso bestelako bi liburu gomendatu dituzte Gautenako profesionalek. Biek ere autistekin lantzeko estrategiak azaltzen dituzte. Autismo con discapacidad intelectual grave. Guía para padres y profesionales da bat, eta adimen-urritasun larriak dituzten autistei laguntzeko metodoak jasotzen ditu, eremu desberdinetan erabitlzeko (eskolan, familian, heldutasunera iristean...) eta hainbat alderditan, hala nola jokabide-arazoetan, sexualitatean, komunikazioan, trebezia sozialetan...
Gautenak gomendatutako beste liburua orokorragoa da, espektro autistaren nahasteak dituzten pertsona guztiekin lantzeko moduko ariketak proposatzen baititu. Manual del juego para niños con autismo. Ejercicios, materiales y estrategias du izenburutzat, eta, egileen arabera, liburu praktikoa da. Funtsean, autistek etxekoekin zein profesionalekin jolasteko ideiak, materialak eta laguntza eskaintzen ditu.