Apollo programak bi esaldi ospetsu utzi zituen. Lehenengoa Neil Armstrongek esan zuen 1969ko uztailaren 20an, Ilargiaren azalera jaitsi zen unean: "gizakiarentzat pauso txiki bat da hau, baina gizateriarentzat salto handia da". Bigarrena 1970eko apirilaren 13an esan zuen Jack Swigertek, Apollo XIII.a misioko astronauta batek, oxigeno-tanga batetik ihesa zutela konturatu zenean: "Houston, arazo bat dugu". Javier Casado ingeniari aeronautikoak bigarren esaldi hori bihurtu du liburu honen izenburu; izan ere, astronautikaren historia istripuen bitartez kontatzen du liburu honetan.
Baikonur estazioan izandako lehen istriputik hasita (urte askoan sekretuan gordetakoa), NASAko jaurtigailuek izandako arazo eta istripuetarainoko bidea egiten du ( Challenger jaurtigailuaren istripua besteak beste, telebistaz ikusi ahal izan genuen hura). Tartean, arrakasta handiak ere izan zituen astronautikak. Horiek ere kontatzen ditu Casadok.
Arrakastak eta ustekabeak tartekatuta, nagusiki errusiarren eta estatubatuarren ibilbideei begiratzen die, baina ez haiei bakarrik. Txinako eta Brasilgo programetan izandako istripu batzuk ere aztertzen ditu. Are gehiago, kapitulu batzuetako gaiek lotura handiagoa dute misilen teknologiarekin espazioa esploratzeko ontziekin baino. Hala ere, ontzi horien aurrekariak izan zirenez, egileak garrantzia eman nahi izan die misilen ikerketari eta ikerketa horretan izan ziren istripuei. Bai armen garapenaren historia eta bai eta astronautikarena arazoz beterik egon ziren.
Batzuetan, istripu larriei buruz hitz egiten du, tartean hildakoak izan zituztenak; baina misio askotan izandako arazo txikiez ere hitz egiten du. Eta azken kapituluan, epilogoan, hildako kosmonautei buruzko zurrumurruak aztertzen ditu.
Liburua ondo idatzita dago, eta irakurtzeko oso erraza da. Misioen xehetasun handiak ematen ditu, eta kontatzen dituen istripuen arrazoien balorazio bat ere egiten du egileak. Misio bakoitzean izandako arazoak erreferentzia garrantzitsuak dira hurrengo misioetan gauza bera gerta ez dadin, eta, horri esker, Casadok oso ondo eramaten du astronautikaren historiaren haria kapituluz kapitulu.