Fisika aurreratua denontzat

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Fisika aurreratua denontzat
2010/10/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: -)

Argiaren eta materiaren teoria arraroa.

Richard Feynman gizon berezia izan zen. Fisikari aparta izan zen; hain zuzen ere, Nobel saria eman zioten 1965ean. Bestetik, oso irakasle ona izan zen; haren eskola eta hitzaldi asko filmatu eta transkribatu ziren, eta liburu bat baino gehiago osatu zuten material harekin --tartean hauxe bera--. Eta, gainera, izaera baikorra eta irekia zuen; esate baterako, ezaguna da bongoak jotzea gustuko zuela, eta haren biografia anekdota barregarriz beteta dago.

Batzuen ustez, XX. mendeko fisikaririk onena izan da Feynman, Albert Einsteinen ondoren. Iritzi bat besterik ez da, balorazio sentsazionalista bat agian, baina ez dago zalantzarik hark egin ziola ekarpen handienetako bat gaurko fisikari.

Feynmanen ekarpen nagusia liburu honi izenburua eman dion teoriaren garapena izan zen: elektrodinamika kuantikoa. Berez, elektroien eta fotoien arteko elkarrekintzaren teoria da, eta horrek ez dirudi oso apartekoa fisikaren barruan. Baina teoria berritzaile eta "arraroa" da (Feynmanek berak esaten du liburuaren azpitituluan). Esaterako, teoria horren arabera, hutsunea ez dago beti hutsik, baizik eta materia eta energia modu espontaneoan sortzen dira, eta segituan desagertzen dira. Magia dirudi, baina gertatu egiten da; hain zuzen ere, gaur egun partikulen fisikari buruz dakigun ia guztia horrelako gertaeretan dago oinarrituta.

Feynmanek bere teoria fisika kuantikoaren sortzaileei azaldu zienean, haiek esan zuten ez zegoela teoria hura onartzerik. Ondorio arraroegiak zituen, giza ulermenetik harago daudenak. Hala ere, denborak arrazoia eman dio Feynmani. Elektrodinamika kuantikoak azaltzen ditu orain arte egin diren esperimentu guztien emaitzak, salbuespenik gabe. Eta fisika modernoaren oinarrizko teoria bilakatu da.

Liburu honi esker, Feynmanek zuri azaltzen dizu teoria, irakurleari alegia; oso teoria arraroa, garatu zuen gizon bereziak berak azalduta. Feynmanek hitzaldi batzuk prestatu zituen fisikan adituak ez direnentzat, eta hitzaldi horiek daude bilduta liburu honetan.

Azalpenetan ahalegin berezia egin zuen edozeinentzat gertukoak diren fenomenoak azaltzeko, adibidez, zergatik mugitzen den argia lerro zuzenean. Edo zergatik ikusten diren ortzadarren koloreak olio-orban baten azalean.

Dibulgazio-liburu ederra osatu zuen Feynmanek hitzaldi horiekin; baina teoriaren xehetasun matematikoak ikusi nahi dituenak testu-liburu baten bila joan beharko du.

Electrodinámica Cuántica
Richard Feynman
Alianza Editorial
200 x 130 mm
ISBN: 84-206-2568-X
Jatorrizko izenburua: QED. The Strange Theory of Light and Matter
Roa Zubia, Guillermo
2
268
2010
10
029
Bibliografia; Fisika
Liburutegia
60
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila