Biziaren zuhaitza

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

biziaren-zuhaitza

Gizakiak atsegin ditu zuhaitzak; ez bakarrik landarea bera, baizik eta zuhaitzen egitura ere bai. Enbor bakar eta nagusi batetik adarrak sortzen dira, adar horietatik adar gehiago, eta horrela zabaltzen joaten da zuhaitz osoa osatu arte. Zuhaitzean gora egin ahala, adarrak txikiagoak dira, eta hartzen duten eremua zabalagoa da. Egitura hori sekulako baliabidea izan da ikonografiaren munduan. Gizakiak kontzeptu asko azaldu ditu zuhaitz-itxurako egiturak erabilita. Oso metafora sendoa da. Oso argigarria. Nolabait, mapak egiteko modu bat ere badira zuhaitzak. Eta, horregatik, zientzialariek ere askotan erabili dituzte.

Trees of Life liburuak erabilera horiei jarraitzen die. Egileak, Theodore Pietsch-ek, 450 urtean irudikatutako zuhaitzak bildu ditu. 230 zuhaitz dira, mota guztietako eduki zientifikoak erakusteko erabili izan direnak: eboluzioa, ekosistemak, hegaztiak, bakterioak, landareak, eta abar.

Arg. -

Batzuetan esan izan da Charles Darwinek berak erabili zuela zuhaitzaren egitura lehen aldiz, Origin of Species by Means of Natural Selection liburuan, 1859an. Baina liburu honetan bildutako adibide askok frogatzen dute hori ez dela egia. Pietschek aukeratu dituen zaharrenak XVI. mendekoak dira, zientziaren kontzeptu modernoa jaio gabea zen garaikoak. Adibidez, Jaungoikoak Lurra nola sortu zuen esaten duen azalpen mitikoaren irudikapen bat dago. Diagramek, zenbat eta modernoagoak izan, orduan eta zientziaren kontzeptu berriagoa adierazten dute. Horregatik, liburuan aurkezten den zuhaitz-diagramen bilakaeran zientziaren beraren bilakaera irakur daiteke.

Eta liburuaren edertasuna ez da horretan geratzen. Balio estetiko handia ere badute zuhaitzek. Hain zuzen ere, liburu grafikoa da, orrialdeak lasai ikusmiratuta gozatzeko modukoa. Oso liburu berezia da. Ikusgarria. Eta 2012ko zientzia-liburu onenen zerrenda batzuetan azaltzen da.

Trees of Life: A Visual History of Evolution
Theodore W. Pietsch
The Johns Hopkins University Press, 2012
254 x 178 mm
ISBN: 978-1421404790

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group