Elementu kimikoei buruzko liburu bat bada ere, The Elements teknologiaren dibulgazioari buruzko liburu bat da. Elementuak erakusten ditu, dituzten aplikazio teknologikoen argazkien bitartez. Adibide asko dago: manganesoz aberastutako altzairuz egindako bizar-labana zorrotz-zorrotz bat; kobaltozko pieza isolatzaile bat, sistema elektrikoan erabiltzeko; germaniozko diodo bat; telurio oxidozko geruza bat duen DVD birgrabagarri bat; fluorra tefloizko piezetan, eta abar. Era berean, elementu horiek naturan nola azaltzen diren erakusten du Grayk liburuan, hala nola hidrogenoa izarretan edo kaltzioa hezurretan.
Pendulum enpresako Marc Boada ingeniariak gomendatu digu liburu hau, batez ere, bere lanbidearen ikuspuntutik. "Liburuak zientzia pixka bat du, baina, batez ere, teknologiakoa da" dio. Harentzat, The Elements liburuaren balio erantsia zera da, elementu kimikoek materialtzat hartuta ematen dituzten aukerak erakusten dituela. "Une honetan liluratuen naukan liburua da. Estatubatuar batek argitaratu du, elementu kimikoen bildumagile harrigarri batek. Oso argazki onen bitartez erakusten dizkigu elementu kimiko guztiak".
Baita egonkorrak ez diren elementuak ere. Kasu horietan, noski, ezin da elementu horretaz osatutako ezer erakutsi, ez baitago elementu horren atomoak dituen ezer. Kuriotik, 96. elementutik, aurrerako elementuak dira; kasu horietan, Grayk elementua aurkitu zuenaren edo elementuaren izenarekin zerikusia duenaren erreferentzia bat erakusten du. Kurioaren kasuan, Marie Curieren argazki bat; berkelioaren kasuan, Berkeleyko Unibertsitatearen ikurra, eta abar.
Ikuskizun bat da liburua, nahiz eta testu txikiz ere lagunduta dagoen. Taula periodikoa aurkezten du, eta elementuen datu garrantzitsuak ematen ditu. Beraz, liburua kontsultarako baliabidea ere bada. Eta, batez ere, elementuak eta teknologia uztartzen dituen liburu ikusgarria da.