Fernando Cossío, Ikerbasque Fundazioko burua, kimikaria da. Kimika organikoko katedraduna da, eta ibilbide luzea egin du ikerketan. Eta ikerketa barrutik bizitzeaz gain, kanpotik ere begiratu dio, zientziari alde guztietatik erreparatzeko. Hain zuzen ere, bide horretan, bi dibulgazio-liburu gomendatu dizkigu. Bietan, zientzialari arrakastatsu batzuen ardurak eta zalantzak aztertzen dira.
Lehenengoa American Prometheus - The Triumph and Tragedy of J. Robert Oppenheimer liburua da, K. Baird eta M. J. Sherwin idazleena. XX. mendeko fisikari garrantzitsuenetako baten bizitzari buruzko idazlana da. Oppenheimer izan zen Manhattan proiektuaren zuzendaria, bonba atomikoa garatu zuen proiektu ospetsuarena, eta lanpostu eta zeregin horrek izugarrizko eragina izan zuen Oppenheimerren izaeran.
"Zientzialari honen bizitza oso interesgarria da ikur eta adibide moduan", dio Cossíok. "Liburu honetan, zientziaren ondorioak eta zientziaren gizarte-erantzukizuna agertzen dira bere gordintasun guztiarekin, baita zientzialariaren zalantzak ere bere zientzia-emaitzen aurrean."
Liburuaren egileek talde aparta osatu zuten: Martin J. Sherwin energia atomikoaren garapenean espezializatutako historialaria da, eta Kai Bird, politikarien biografia asko argitaratu dituen idazlea. American Prometheus liburuarekin Pulitzer saria jaso zuten 2006an.
"Liburuaren izenburuan Prometeoren kontzeptu erromantikoa agertzeak beste liburu batera eramaten gaitu, The Age of Wonder liburura alegia", dio Cossíok. Greziako mitologian, Prometeok jainkoen sua lapurtu zuen gizakiei emateko; istorio hori, eta beste pertsonaia mitologikoena, oso gustukoa zen XIX. mendearen hasieran. Erromantizismoaren hasiera izan zen, baita zientzian ere.
Hain zuzen ere, Richard Holmes idazlearen The Age of Wonder liburua garai hartako aurrerapen zientifiko nabarmenei buruzkoa da. Europan, bigarren Ilustrazio bat izan zen. Ikerketak eta esplorazioak izugarri zabaldu zuen zientziaren esparrua, eta izen handi asko eman zituen garai hark: Joseph Banks biologoa, William Hershell astronomoa, Humpry Davy kimikaria, Mary Shelley idazlea, eta abar.
Richard Holmes idazleak garai hartako istorioak bildu zituen The Age of Wonder liburuan, eta, 2009an, dibulgazioko sari garrantzitsuenetako bat jaso zuen: Royal Societyko zientzia-liburuen saria.