Urpeko munduak

Marrazoen sabai-leihoa (Sharks’ skylight)
Egilea: © Renee Capozzola (AEB)/UPY2021

Marrazoen sabai-leihoa (Sharks’ skylight)

“Polinesia Frantsesak sendo babesten ditu marrazoak, eta huraxe dut lekurik gogokoena marrazoei argazkiak ateratzeko”, dio Renee Capozzola argazkilari kaliforniarrak. “Hainbat ilunabarrez aritu nintzen argazkiak ateratzen, eta, azkenean, saria izan nuen: ura bare-bare, ilunabar ederra, marrazoak, eta baita txoriak ere”. Eta sari hark beste sari bat ekarri dio: Underwater Photographer of the Year lehiaketaren 2021eko edizioa irabazi du Capozzolak. Lehiaketa hori irabazi duen lehen emakumea da.

Epaimahaiak Capozzolaren argazkia aukeratu du, 68 herrialdetatik bidalitako 4.500 argazkiren artean. “Itxaropenaren argazkia da, erakusten duena ozeanoa nolakoa izan daitekeen aukera ematen diogunean: bizitzaz betea, bai azpitik, bai gainetik”, azaldu du epaimahaiak. “Argia zoragarria da, baina bikainena konposizioaren dotorezia da, non marrazoek, ilunabarrak eta itsas hegaztiek une batez bat egiten baitute”.

Aurrez aurre (Face to face)
Egilea: © JingGong Zhang (Txina)/UPY2021

Aurrez aurre (Face to face)

Arrain hauek ia ez dira mugitzen beren gordelekutik, eta ia ez dute elkarrekintzarik izaten beste banakoekin. Baina ugalketa-garaian aldatu egiten da kontua. Bi hauek borroka sutsuan ari dira, bikotekidea lortzeko. Hiru urtez aritu zen JinGong Zhang argazki hau lortu nahian.

Marlin marradun bat abiada handiko ehizan
Egilea: © Karim Iliya (AEB)/UPY2021

Marlin marradun bat abiada handiko ehizan

Itsasoko arrainik azkarrenetakoak dira marlinak. Arrain txikien ehizan ibiltzen dira, desertu urdinean. Mexikon atera zuen argazki hau Karim Iliyak.

Harrituta gelditu zen ehizaren abiadurarekin: “ia azkarregia nire garunak prozesatzeko”.

Hortzadar-zarboa (Rainbow Goby)
Egilea: © ManBd (Malaysia)/UPY2021

Hortzadar-zarboa (Rainbow Goby)

“Zarbo hau oso lotsati zegoen, eta denbora luzez itxaron behar izan nuen eroso sentitu eta burua atera zezan”, dio ManBd argazkilariak.

Esnea hartzen (Milk feeding)
Egilea: © Mike Korostelev (Errusia)/UPY2021

Esnea hartzen (Milk feeding)

“Eguna berekin pasatzen utzi zidan 13 kaxaloteko familia batek”, dio Mike Korostelevek. “Egunaren amaieran, ama bat kumea elikatzen hasi zen nigandik metro gutxira. Zirkinik ere egin gabe gelditu nintzen. Zoragarria izan zen halako une goxoa ikusi ahal izatea”.

Ganbera gotikoa (Gothic Chamber)
Egilea: © Martin Broen (AEB)/UPY2021

Ganbera gotikoa (Gothic Chamber)

Riviera Mayan dago, Mexikon, munduko lurpeko ibai-sistemarik handiena. Hango ur gardenetan, honelako ganberak daude, “munduko katedral gotiko onenen pareko dekorazioa” dutenak, Martin Broen argazkilariak dioenez. “Nire helburua zen harrapatzea eskala, tridimentsionaltasuna, eta formazioen aberastasuna eta testura txundigarriak”.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.