Sirius, koloretako historia bat

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Sirius, koloretako historia bat
2010/07/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Sirius izarra Hubble teleskopioak ikusita. Izarren sistema binario bat dela ikusten da: ezkerrean behean, Sirius B nano zuria ikusten da erraldoiaren ondoko puntu bat bezala. Arg.: NASA.

Normalean, ez da zaila esatea zer koloretakoa den izar bat. Begi hutsez ikusten da Eguzkia horia dela (igortzen duen argia horia dela), eta, esate baterako, Betelgeuse, Orion konstelazioko izar handiena, gorrixka da. Hala ere, gaueko zeruan dagoen izarrik distiratsuenak zalantza handiak sortzen ditu. Canis konstelazioan dago, eta Sirius du izena. Eta milaka urtetan desadostasuna eragin du Siriusen koloreak. Paradoxa bat da, izar distiratsuena izanda. Astronomoek, askotan, Siriusen misterioaz hitz egiten dute.

Txinatarrentzat izar zuria da. Ezin zuriago, gainera; hain zuzen ere, Sirio zuritasunaren eredua zen haientzat. Seneca idazlearentzat, aldiz, gorri-gorria zen Sirio. Batzuek diote Seneca olerkaria zenez ez zuela zehatza izan nahi, eta haren testigantzak ez duela baliorik. Baina Ptolomeorentzat ere gorria zen, eta Ptolomeo astronomoa zen, oso fidagarria, izan ere. Kontua nahasgarriagoa egiteko, zenbaiten testigantzek beste kolore batzuei buruz hitz egiten zuten. Marcus Manilius poeta erromatarrak, Senecaren garaikideak, Siriusek itsasoaren kolore urdina zuela idatzi zuen.

Zer gertatzen ari zen? Zeinek ez zuen behar bezala ikusten? Egia esan, ezin dugu onartu erromatarren garaian Siriusi buruz idatzi zuten guztiek izarra "gaizki" ikusi zutelako iritzia. Logikoagoa da pentsatzea Siriusek kolorea aldatu duela denborarekin. Hala eta guztiz ere, ustezko kolore-aldaketa horren xehetasun guztiak ez daude argi. Astronomia modernoak erantzun batzuk baditu, baina ez guztiak.

Zuri-urdinxka

Sirius zuria da, gaur egun behintzat; eta ondo aztertuz gero, antzematen zaio tonu urdina. Noski, astronomoek ez dute hizkera hori erabiltzen, eta ez dira koloreak begiz aztertzen. Igorritako argiaren uhin luzera neurtzen dute haiek, eta mota espektralen araberako sailkapen batean sartzen dute.

Sailkapen horrek letrak erabiltzen ditu koloreak adierazteko. Arrazoia da hidrogenoaren espektroa duela jatorrian, eta espektro horrek kolore-banda bakoitza letra batez adierazi zela. Izarren sailkapenak sistema hori heredatu du, eta, kolorearen arabera, eskala honetan sartzen dira: OBAFGKM. O motako izarrak urdinak dira, eta M motakoak, gorriak. Tartean, kolore guztiek dute tokia. Eskala horretako letrak gogoratzeko, sistema nemotekniko batzuk erabiltzen dira; ezagunena ingeleseko esaldi bat da: Oh, Be A Fine Girl, Kiss Me . Eta, zortzi letrako eskala zehatzagoa egiteko, mota bakoitzaren barruko azpieskala bat erabiltzen dute astronomoek.

Sirius zuria denez, A1 mota espektralekoa da. Eta horrek ematen digu izarraren tenperaturaren informazioa. Kolorea tenperaturaren sinonimoa da, sutan jartzen den burdina-puska batean bezala. Hasieran burdinak ez du distirarik, baina berotu ahala gorri jartzen da, eta gero zuria, eta urdina izateraino iris daiteke. Izarretan gauza bera. Sirius zuria denez, oso izar beroa da; gainazala 10.000 gradutan du (gradu horiek kelvin dira, baina gradu zentigradotara pasatuta lortzen den zenbakia ere 10.000tik gertu dago).

Hori guztia astronomo modernoek egindako neurketei esker dakigu, eta, nolabait, antzinako txinatarrekin ados daude. Baina ez dute azaltzen zergatik ikusten zuten beste kolore bateko Sirius bat gure aroaren I. mendearen inguruan.

Askoz geroago, XIX. mendean, hasi ziren kontzeptuak argitzen: Fridrich Bessel alemaniarrak aurkitu zuen Sirius ez zela izar bat. Bi izarreko sistema bat da: Sirius A eta Sirius B (batzuek diote hirugarren izar bat egon daitekeela, baina ez da horrelakorik frogatu).

Sirius A erraldoiaren ondoan, Sirius B txikitxoa dago. Handiaren diametroa Eguzkiarena baino 1,8 aldiz handiagoa da, eta txikiaren diametroa, aldiz, Lurrarena baino pixka bat txikiagoa. Aldea handia da; baina tamainan duten alde hori ez da hainbestekoa masan, izar txikia izugarri dentsoa delako: Sirius B izarraren materialaren zentimetro kubiko batek, hau da, zentimetro bateko aldea duen dado txiki batek, 2.200 kilo pisatzen ditu. Sirius B zuria da, nano zuri bat (A2 kolorekoa, mota espektralen eskalan).

Itxuraz, datu horiek ez dute konpontzen kolorearen misterioa, baina kontuan hartu behar da nano zuriak sortzeko prozesuan litekeena dela Sirius B erraldoi

gorria izatea denboraldi batez. Hala bada, bi izarreko sistema osoa gorri ikusiko litzateke.

Sirius B jatorrian masa handiko izarra izan bazen, nukleoaren hidrogeno guztia fusionatu ahala konprimitu egingo zen; fusioa ia geldirik egongo zen, baina presioak izarraren kanpoaldeko hidrogenoaren fusioa abiaraziko zuen. Bigarren fusioaldi bat izango zen, oso tenperatura altukoa, eta izarra zabalduko zuen. Zabaltze horrek izarra hoztu, eta gorritu egingo zuen. Erraldoi gorria izango zen. Erraldoi gorriaren fase bortitz hori bukatzen denean, nano zuri bat geratu ohi da, gaur egun Sirius B izarrean ikusten dugun bezala.

Horrek azalduko luke garai batean Sirius B gorria ikusi izanaren kontua, baina zalantza batekin: horrela sortutako nano zurietan, erraldoi gorria bihurtzeko fasea oso azkarra da izarren bizitzaren parametroen ikuspuntutik. Baina azkartasun hori ehunka milioi urtekoa izan daiteke. Eta antzinako txinatarrek zuri ikusten bazuten Sirius eta guk ere bai, orduan izarraren gorrialdia milaka urte batzuetakoa besterik ez zen izango. Azkarregi, agian; astronomia modernoak ez du datu nahikorik hori baieztatzeko edo ezezko argi bat emateko. Horregatik, Sirius izar-sistemaren koloreak misterio bat izaten jarraitzen du.

Roa Zubia, Guillermo
2
266
2010
7
021
Astronomia
Gogoetan
54
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila