Bere buruari zerk egiten duen berezi galdetzen dion animalia bakarra omen da pertsona. Eta bilaketa horretan dabil, bere tresnekin, garunarekin, adimenarekin. Zientziaren alor askotatik bilatzen du. Eta erantzun asko aurkitu ditu, eta galdera berriak ere sortu zaizkio.
Adituak bat datoz hizkuntza Homo sapiens espeziearen bereizgarria dela esatean. Oraindik argi-ilunak badauden arren, hizkuntzalariek gero eta hobeto ezagutzen dituzte hizkuntzaren gakoak. Eta haiek ezagutu ahala, hobeto ezagutzen dugu geure burua, geure izatea.
Batak besteari begietara begiratu eta aurrekoak zer pentsatzen zuen intuitu zuenean sortu omen zen gizakia. Besteen adimenaren teoria eraikitzeko gaitasuna esaten zaio horri, eta gizakia, zerbaitetan bada trebea, horretantxe da: ingurukoek pentsatzen dutena igartzen saiatzen da, oharkabean, eta gustuko du.
Nor naiz? Nor gara? Zerk egiten gaitu pertsona? Galderaren formak bere horretan iraun du gizaki baten buruan sortu zenez geroztik, pertsona-multzo batek elkarri lehenengoz galdegin zionetik. Zenbaki honetarako prestatu dugun artikulu-sortaren sarreran esaten dugu: “ …