Denborarekin, zahartu egiten gara, baina pentsatu gabe zergatik. Gogoeta hori egin du CAF-Elhuyar sarien XV. edizioan lehen saria eskuratu duenak. Bigarren saridunek zuhaitz batzuen enborrei helduta hazten den onddo bati buruz idatzi dute, ardagaiari buruz. Hirugarrenek kimioterapian hidrogelak nola erabiltzen diren azaldu digute, eta gazteen saria eskuratu duenak ukimenaren teknologiaren egoera aurkeztu digu. Zorionak irabazle guztiei!
Martxoaren 6an banatu ziren zientzia-dibulgazioko CAF-Elhuyar sariak. Lehen saria Xabier Artaetxebarriak jaso zuen, zahartzeari buruzko lan bati esker. Beste artikulu saridunetan, ardagaiak, kimioterapiarako polimeroak eta haptikaren teknologia izan dira aztergaiak.
Dortoka erraldoiak ia berrehun urte bizi daitezke, eta Caenorhabditis elegans xixarea bi aste inguru. Organismo guztiak zahartzen eta hiltzen dira, abiadura ezberdinetan bada ere. Guztiak? Guztiak ez. Tropikoetako ur gardenetan bizi den hidra ez da zahartzen. Baina, zergatik zahartzen dira animalia batzuk besteak baino lehenago? Geneetan idatzia al dago organismoak zahartzera daramatzan programa? Nola liteke hautespen naturalak zahartzea bezalako prozesu bat onartu izatea? Ikus al daiteke zahartzearen eragina zelula bakoitzean? Zientzian gertatu ohi denez, erantzun bakoitzak ate berriak irekiko ditu...
Ardagaiak, garai batean laratzaren azpiko sua pizteko erabili ohi ziren onddo haiek, etnologia-liburuetako orri zaharretan galdurik gelditzen ari dira. Antzina, ardagaiak, lehortu, txikitu eta kotoi-antzeko egitura bat eginda, sua denbora luzez piztuta mantentzen zuen. Lan horretarako gehiago erabiltzen ez den arren, bere izana izandakoari, zeharka bada ere, omenaldi txikia egiten dio zuhaitz bati atxikita hazten den ardagai bakoitzak. Basoko dibertsitatearen txinparta sortzen du, eta baso-ekosistema pil-pilean, gori-gori martxan jartzen.
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) mundu mailako izurri gisa definitzen du minbizia. Izan ere, gaixotasun hori da mundu mailako heriotzen eragile nagusietako bat, eta etorkizunerako iragarpenek diote gaixotasun horrek eragindako heriotza-tasak gora egingo duela, eta XXI. mendean zehar herrialde garatuetako heriotzen erantzule nagusi bihurtuko dela. Esfortzu handiak egin beharko dira arazo honi aurre egiteko, eta ikertzaileen irudimena ezinbestekoa izango da. Arlo honetan, polimeroek ere zeresana izango dute; izan ere, une oro aukera berri eta askotarikoak eskaintzen dizkigute. Horren adibide ditugu hidrogelak, edo mikro/nanogelak --aurrerapen handiak ekartzen hasi dira--; minbiziaren aurkako terapian beren tokia egiten hasi dira.
Giza ikusmena eta entzumena baliatzen dituzten irudi edota soinu bidezko komunikazio-sistemek bilakaera handia izan dute XX. mendean zehar. Neurri guztietako koloretako telebista lauak eta milaka abesti gordetzeko moduko edukiera duten sakelako soinu-sistemak guztiz zabalduta daude gure artean. Ukimenari dagokionez, ordea, 90eko hamarkadara arte ez da ukimenaren bidez informazioa transmititzen duten gailuetan pauso azpimarragarririk eman, eta, alderaketa eginez gero, zuri-beltzeko telebistaren edo disko-jogailuen garaian gaudela esan daiteke.