CAF-Elhuyar sarien XIII. edizioa izan da aurtengoa. Eta guztiok gustura geratzeko moduko edizioa izan da; izan ere, oso lan onak aurkeztu dira. Horietako lauk saria izan dute.Saritu gehienek berek egindako ikerketaren berri ematen dute idatzitako artikuluetan. Eta eskertzekoa da hain sakon ezagutzen dituzten gai horiek guztiok ulertzeko moduan azaltzeko ahalegina egin izana.Ahaleginak merezi izan du,hurrengo orrietan irakurri ahal izango duzuen bezala.
Jai-giroan banatu ziren XIII. CAF-Elhuyar sariak. Ekitaldia martxoaren 2an izan zen, Elhuyar Fundazioaren Usurbilgo egoitzan. Eta ospatzea merezi zuen; izan ere, ondo egindako lanaren ordaina eman nahi zitzaien aurtengo sarituei.
Energia hidroelektrikoak garbia izatearen ospea du, ez baitu erregai fosilik erabiltzen edo atmosferara kerik botatzen. Gainera, lanpostu batzuk sortzen ditu, eta baita gero eta beharrezkoagoa bihurtu den elektrizitatea ere. Dena dela, energia-iturri horrek aski ezagunak diren hainbat arazo ere sortzen ditu, hala nola erreketako ur-emaria gutxitzea, erreken fluxu naturala eta ekosistema erabat aldatzea, itsasora materia organiko gutxiago joaten uztea eta arrainen migrazioak oztopatzea, besteak beste. Badira, ordea, hain ezagunak ez diren bestelako ondorioak ere, eta horietako bat zentral hidroelektrikoetara ura eramaten duten ubideetan animaliak itotzea da. Euskal Herrian zentral hidroelektriko ugari dago, eta ura daramaten ehunka kilometro ubide ditugu. Artikulu honetan, ubideetako hilkortasuna aztertzeaz gain, arazoa konpontzeko irtenbideak proposatuko dira.
Sentitzen dut!! Nemoren bila filmaren mezu nagusia, aitatasunaren ardura mistikoarena, gezur biologiko batean dago oinarritua. Nemo maitagarria pailazo-arraina da, helduaroan arrezifeetako anemonetan bikoteka antolatuta bizi den arraina. Filmean, ezkutatu egiten digute arrain-mota horrek bere sexu-izaerarekiko atxikimendu txikia duela, eta txanponaren alde biak ezagutu ditzakeela. Bikoteko emea desagertuz gero, ar heldugaberen batek hartuko du haren tokia anemonan, eta han dagoen arra eme bihurtuko da. Benetako Marlin-en 'patua', Nemoren aita izatetik Nemoren ama izatera pasatzea da. Pailazo-arrainak hermafroditak dira, espezie proterandrikoak, hain zuzen ere (lehenengo arra, gero emea), eta horrelakoa da gure bisigu maitea ere. Eta ez da bitxikeria bat. Arrain-espezie askok dute estrategia sexual hori, garrantzi ekonomikoa eta erabilera teknologikoa izan dezakeena.
Begiradari jarraitzeko sistemei buruzko ikerketa orain dela hamarkada batzuk hasi bazen ere, orduan, 60ko hamarkadaren bukaeraren inguruan, ordenagailu bat begiarekin kontrolatu ahal izatea amets erabat imajinaezina zen teknologia haren lehenengo miresleentzat. Hala ere, ordutik hona oso azkar garatu dira sistema horiek, eta eskuraezin ziruditen asmo haiek errealitate bilakatzeko bidea gero eta argiagoa bihurtu dute. Begiari jarraitzeko sistemaren, eye tracking delakoaren, garapen eta aplikazioek nolabaiteko interesa piztu dute azkeneko urteetan.
"Egizu zeuretzat ontzi bat erretxina-egurrez. Antolatu gelak barruan eta estali bikez barrutik eta kanpotik." Hasiera, 6, 14. Bibliak dioenez, bikeari esker salbatu ziren Noe, haren familia eta lehorreko animaliak, Jainkoak bidalitako uholdetik. Jainkoak berak esan zion nola jokatu: ontzi bat egin erretxina-egurrez, gelak antolatu barruan, eta ontzia bikez estali barrutik eta kanpotik. Eta "sar zaitezte ontzian emaztea eta biok, baita zure semeak ere emazteekin. Animalia mota bakoitzetik bikotea, ar-emeak, sartuko duzu, zurekin batera bizirik iraun dezaten". Eta Jainkoak berak itxi omen zuen ontziko atea. Eta, zeruko iturri guztiak irekita, berrogei egun eta berrogei gau iraun zuen euri-jasak. Eta halakoa izan zen uholdea, bizidun guztiak hil omen ziren, Noeren ontzikoak izan ezik. Gaur, alde guztietatik datozkigu hondamen-mehatxuak, baina isilik omen dago Jainkoa. Gu, berriz, Euskal Herriko Unibertsitatearen laborategietan ari gara ikerketan, bike berria sortu eta xafla iragazgaitzak hobetu nahian. Ez dugu mundua salbatuko, baina nork daki...