Espazioa behatzeko, ez da nahitaezkoa begiak erabiltzea. Gizakiaren begiak argia jasotzen duen bezala, beste tresna batzuek beste uhin asko jasotzen dituzte. Hori bai, uhin-mota bakoitza jasotzeko tresna jakin bat erabili behar da. Horren adibide da Mexikoko Puebla estatuko Teleskopio Milimetriko Handia, espaziotik datozen uhin milimetrikoak jasoko dituena. Gisa horretako teleskopiorik handiena izango da martxan jartzen dutenean. Itziar Aretxaga bilbotarrak han egiten du lan, eta datozen orrietan gidari izango da teleskopioa eta haren inguruko kontuak ezagutzeko.
Sumendi baten puntan dago, 4.600 metroko garaieran. Bistak ikusgarriak dira, hortaz, eta ez bakarrik inguruari begiratuz gero, baita, gora begira, izarrak behatzeko ere. Plater erraldoi bat du, futbol-zelai baten erdia ingurukoa. Eta haren egitekoa da unibertsoari beste begi batzuekin begiratzea. Izan ere, Teleskopio Milimetriko Handiak zerutik datozen uhin milimetrikoak jasoko ditu, inoiz baino zehatzago, eta, horrela, astronomoek begi milimetrikoekin begiratuko diote unibertsoari, eta orain arte ezkutuan zeuden hamaika astro eta gertaera zelatatuko dituzte.
Astronomiaren Nazioarteko Urtea ospatu dugu aurten, laurehun urte bete baitira Galileok teleskopio batekin zerura lehenengoz begiratu zuenetik. Jakina, zerua zer zen jakiteko grina ez zitzaigun orduan sortu. Hark baino lehenago beste askok eman zituzten orduak …