Gurekin bizi dira saguzarrak, eta, hala ere, ez ditugu asko ezagutzen. Gaueko hegalariak dira, eta haien soinua ez da guretzat entzungarria. Maiz, itzal bat besterik ez dira guretzat. Itzal horretatik abiatuta sortu dugu haietaz dugun irudia, baina zoologoek esaten dute neurri batean irudi okerra dela. Are gehiago, ezezagun izateak eta sortu dugun irudiak kalte egiten dietela saguzar-koloniei. Arazo horri aurre egiten laguntzeko, Saguzarren Nazioarteko Urtea izendatu dituzte UNEP eta EUROBATS erakundeek 2011 eta 2012. Saguzarrak ezagutarazteko eta itzal hutsa izateari uzteko helburua dute. Artikulu hauetan, Joxerra Aihartza EHUko zoologoak eta haren taldekoek lagundu digute aurkitzen zer dagoen saguzarren itzalaren atzean.
"Ornodunak" ikasgaia hautatu zuen Egoitz Salsamendik karrerako bosgarren mailan; Joxerra Aihartza saguzarrak ikertzen dituen zoologoak irakasten duen ikasgaia. Aihartzak eskainita, saguzarrei irrati bidezko jarraipena egiten ibili zen asteburu batez Karrantzan. Hantxe piztu zitzaion bokazioa, eta bere burua eskaini zuen ikerketa horretan aritzeko, "besterik ez bada garraiatzaile-lanak egiteko". Handik aurrera, saguzarren ikerketan aritu da Salsamendi, eta gaur egun ikertzen ari da Panaman nolako lotura dagoen basoaren zatikatzearen eta saguzarraren gaixotasunen artean; ikerketa interesgarria, saguzarrak gizakiari eragiten dieten birusen gordailu direla kontuan hartuta.
2010ean Pragan egin zuten XV. Saguzarraren Ikerketaren Nazioarteko Kongresuan, Thomas Kunz adituak nabarmendu zuen 15-20 urtean saguzarraren ikerketa bihurtu dela teknologia sofistikatuena erabiltzen duena zoologian. Saguzarraren ikerketa eta teknologiaren erabilera nahitaez egon dira lotuta, eta, arlo batzuetan, saguzarretatik ikasteak mesedea ekarri die ingeniariei.
Saguzarraren urtean gaude. UNEPeko espezie migratzaileen konbentzioak eta EUROBATS erakundeak bultzatuta izendatu dira 2011 eta 2012 Saguzarraren Nazioarteko Urtea, eta halako ospakizunek izan ohi dutenez, izendapenaren hartzaileak protagonista bihurtzea du helburu. Izan ere, Lur planetan …