Lurrak badu berezitasun bat oraingoz beste inon aurkitu ez dena: bizia. Batzuentzat jainkoen kreazioa, eta besteentzat berezko sorkuntza, baina, edozein kasutan ere, esan daiteke miraria dela bizia. Materia apur batetik bizia nola sor daitekeen ulertzea ez da erraza. Baina, sortu zenetik, geldiezina izan da: etengabe ugaritu da, hainbat eta hainbat forma hartu ditu, planeta osoa estali du, eta baita eraldatu ere; bizidunek bizidunentzat moldatutako bizileku bihurtu da Lurra. Historia luzea da, heriotzaz eta jaiotzaz, misterioz eta bitxikeriaz betea. Nola hasi zen ez dakigu oso ongi, eta nola amaituko den ere ez, baina, bitartean, kontu interesgarri asko dago kontatzeko. Eta horixe aurkituko duzu hurrengo orrietan: Lurrari darion bizia.
Orain artean, Lurra da bizia garatzeko kondizio egokiak betetzen dituen planeta ezagun bakarra. Gizakiok Lurretik haratago ere bilatzen dugu bizia; urrutira gabe, Marten. Handia litzateke Marten bizia egon zela egiaztatzea, edota Lurraren antzeko ezaugarriak dituen eta, beraz, bizia izateko probabilitatea duen planetaren bat aurkitzea. Baina, oraingoz behintzat, bizirik ez da topatu Lurretik kanpora. Zer du, bada, berezia Lurrak bizia izateko?
Lurraren historia biziari lotuta dago. Lurraren historiaz hitz egitea biziaren historiaz hitz egitea da; ezin dira bata bestea gabe ulertu. Bizia sortu da, eta, are gehiago, bizitzeko egokitu egin dugu Lurra. Hain zuzen ere, gaur egungo planetak ez dauka hasierakoarekin zerikusirik, eta, neurri batean, bizidunak berak dira horren erantzule.
Lurra oso toki aproposa da biziarentzat, aurreko artikuluetan azaldu ditugun arrazoiengatik. Sortu zenetik, bizia zelula izeneko egitura konplexu eta ordenatu batekin hasi zen funtzionatzen. Historian zehar, bi zelula-mota besterik ez da izan. Zelula-mota horiek gordetzen dute biodibertsitatea handitzeko gaitasunaren sekretua.
Biziaren sorrera harrigarria bada, duen aniztasun ikaragarria ez da gutxiago. Ia ezerezetik abiatu zen; baina, 3.500 milioi urteko borborraren poderioz, eta etenaldi katastrofikoak izanagatik ere, neurtzeko eta ia imajinatzeko ere gai ez garen dibertsitatea hartu du.
Bizidun guztien helburua da ahal bezainbeste irautea bizirik eta ugaltzea. Baina bizilekua beste hainbat espezierekin partekatu behar dute, eta ez da arraroa batzuek besteei lekua kentzea. Une batean nagusi diren espezieak bigarren mailako espezie izatera pasatzen dira, edo desagertu, haiek baino lehiakorragoak diren espezieak iristen direnean.
Lurreko bizidun-espezie bakoitzak ingurune-behar jakin batzuk ditu, eta, ez baditu horiek aurkitzen, ezin du bizirik iraun. Ezin dugu esan, beraz, normala denik leku batean bizidun jakin batzuk egotea, eta bitxia denik beste batzuk agertzea. Hala ere, egin ezin dugun hori egin, eta naturan 'lekuz kanpo' dauden edo 'ezohiko' ezaugarriak dituzten bizidun batzuei buruz arituko gara.
Eboluzioaren teoria duela 150 urte jaio zen. Geroztik, aldatuz, eraldatuz eta garatuz joan da, diziplina askotako zientzialarien ekarpenei esker: paleontologoak, genetistak, biologo molekularrak... Denen artean, sustrai sendoko eta adar ugariko zuhaitza eraikitzen ari dira.
Zer gertatuko litzateke munduan bat-batean giza espeziea desagertuko balitz? Galdera horri erantzuteko, imajinazio-ariketa bat egitera gonbidatu ditugu EHUko hiru ikertzaile: Arantza Etxeberria filosofoa, Kepa Altonaga zoologoa eta Unai Ugalde biokimikaria. Interesgarriak irudituko zaizkizulakoan, haien erantzunak irakurtzera gonbidatu nahi zaitugu, irakurle. Eta, gero, ausartuko zinateke zu ere erantzuna bilatzen?