Gero eta hiritar gehiago ditu munduak. Gero eta hiri gehiago daude, eta gero eta jende gehiago bizi da hirietan. Gainera, hirietako hazkunde-tasa landa-eremukoa baino handiagoa da. Hori azaltzeko teoria demografiko,ekonomiko eta politiko ugari daude. Baina ez dira horiek joera horretaz arduratzen diren arlo bakarrak. Hain zuzen ere,ingurumena ere gertu-gertutik ukitzen du gaiak. Gertuegitik, akaso, hirien hazkundeak eragin nabarmena baitu ingurumenean. Egoera zein den eta zer bilakaera izan duen, hurrengo orrietan.
"Gaur egungo Tanzaniako Laetoli herrian, duela hiru milioi urte baino gehiago, beren oinatzak utzi zituzten harean gaurko gizakiaren bi arbasok (...) Seguru asko ehunka edo beharbada milaka pertsonaz osatutako talde baten partaide ziren, eta garatu gabeko tresnak zituzten. Hainbat kasualitate direla medio, haien oinatzek iraun egin dute, eta, horri esker, gaur oinatzok ikusteko eta miresteko aukera dugu. Gaur egun, gizateriaren oinatzak agerikoak dira. Giza jarduerak planetaren leku eta ekosistema guztiei eragin die (...)"
Nazio Batuen Erakundeak zabaldutako datuen arabera, munduko herritarren % 60 baino gehiago biziko da hirietan 2030. urtean, hau da, hiru biztanletik bi hiritarrak izango dira. Ordurako, neurri egokirik hartu ezean, hiri handi batean bizitzea eta hango airea arnastea ez da batere onuragarria izango osasunerako. Izan ere, gaur egungo hirietan ere hainbat arazo sortzen dira: zaborra, poluzioa, zarata, smoga...
Populazioaren hazkundea beste inon baino nabarmenagoa da hirietan. Gaur egun, munduko populazioaren erdia inguru bizi da hirietan, eta, martxa honetan, 2030erako % 60 baino gehiago izango dira. Hazkunde horrek, ia oharkabean gertatzen bada ere, aztarna galanta uzten du ingurunean.
Biarritz, Siena, New York eta Le Mont-Saint-Michel. Laurak dira edo izan dira hiriak, baina ez dute elkarren antzik. Egoera eta inguru ezberdinetan sortutakoak dira, eta, nahiz eta lauretan jendea elkartu zen, helburu ezberdinekin sortu ziren seguru asko. Izan ere, ez dago hiri-kontzeptu bakarra; bizileku bat hiria den edo ez bereiztea erraza da, baina zaila da hiri guztientzat balio duen definizio bat ematea.