Sistema horien aplikazioei dagokienez, sailkapen hau egin daiteke: helburu diagnostikoak dituzten erabilerak eta helburu interaktiboak dituzten erabilerak.
Erabilera diagnostikoak
Arreta edo atentzioa gure ingurua ulertzeko ahalmena estimulu zehatz batean fokatzen duen prozesua da. Gure atal kognitiboarekin zerikusi zuzena du, eta begien mugimendua ezagutzeak mekanismo horiek ulertzen laguntzen du, hein handi batean. Eye tracking sistema bat tresna diagnostiko gisa erabiltzeak begien mugimenduaren eta arretaren arteko erlazioa neurtzeko tresnak sorrarazi ditu. Horiek psikologian aplikatu daitezke, baina baita beste esparru batzuetan ere; marketin- eta publizitate-munduan, batez ere.
Lan interesgarriak egin dira arlo horretan. Berriki, emaitza diagnostiko nabarmenak lortu dira neurozientzian eta psikologian. Gehien aztertu den ataletako bat testuak irakurtzeko prozesuetan gertaturiko begi-mugimenduena da. Irakurtzean egindako begi-mugimenduak aztertzeak zenbait akats eta patologia detektatzen laguntzen du; dislexia da ezagunenetariko bat. Eye tracking sistemen helburua, eremu horretan, pertsonak testuaren aurrean egindako begi-ibilbidea erregistratzea izango litzateke, psikologoak edo dagokion espezialistak datuak interpreta ditzan. Modu berean, begien mugimenduak aztertzea eskizofreniaren eta estrabismoaren diagnostiko goiztiarra egiteko tresna baliotsutzat ematen dute egindako ikerketa eta lanek.
Aplikazio diagnostikoekin jarraituz, ingurune adimendunak aztertzen dituzten lan konplexuagoak ere topatu ditugu. Gizaki bakoitzak patroi bati jarraitzen dio bere ingurua miatzean. Pertzepzio librean gertaturiko begi-mugimenduak aztertzeak ondorio baliogarriak ditu, ingurumena geureganatzeko erabiltzen ditugun mekanismoak ulertzeko.
Oro har, sistema horiek tresna ahaltsu bat dira gizakien adimena ulertzeko eta neurtzeko. Aplikazioaren arabera, ondorioek positiboki alda dezakete gizakiaren jokaera zenbait ekintzatan. Jakina da gidatzean istripuak eragiten dituela atentzio faltak. Azkenaldian, ahalegin garrantzitsuak egin dira automobilgintzan. Zalantzarik gabe, gidariaren begi-mugimenduen azterketa tresna ezin hobea da, gidariaren atentzio falta eta logura detektatzeko. Esperimentuetan lortutako emaitzek etorkizunean auto seguruagoak lortzeko balioko dute.
Antzeko erabilerak aurkitu daitezke industrian eta medikuntzan ere. Industrian, produktuak miatzea eta kalitate-kontrola ikusmenaren bidez egiten da askotan, eta azterketa kaskar batek ondorio larriak izan ditzake. Larriagoa izan daiteke, hala ere, espezialista batek erresonantzia bat edo bestelako irudi mediko batzuk gutxiegi esploratzea. Begi-mugimenduen analisia, bai industrian eta bai irudi medikoen azterketetan, gizakiak izan ditzakeen ikuskapen-estrategia errepikakorrak edo urriak detektatzeko erabil daiteke.
Ildo berean, web orrien inguruko azterketak hasiak dira jadanik nolabaiteko diseinu-printzipioak finkatzen. Egindako ikerketen arabera, oro har, ezkerraldeko goiko atala miatzen da lehenik web orrian. Emaitzek adierazten dutenez, letra larriak bilatzen saiatzen gara, eta, dirudienez, inguru horretan egoten dira normalean.
Erabilera interaktiboak
Eye tracking sistemen erabilera interaktiboak gizaki-ordenagailu komunikazio-kontestuaren barnean ulertu behar dira. Alde horretatik, eskuak erabili ezin diren zenbait egoeratan aukera interesgarri gisa azaltzen dira.
Gizakiaren mugitzeko ahalmena, hau da, kontrol motorra, gaixotasun eta patologia ugarik hondatzen dute: esklerosi anizkoitza, alboko esklerosi amiotrofikoa, garun-paralisia, hezur-muineko kaltea eta garun-infartua, beste batzuen artean. Bakoitzak bere berezitasunak izan arren, duten jatorria alde batera utzita, mugitzeko ahalmenaren murrizketa dute ezagugarritzat. Sarritan, hondatze hori neurri maximoetara irits daiteke, mugiezintasun osoa eragin dezake, eta gizakia bere gorputzaren preso bihurtu.
Normalean, ordea, baita gaixotasunaren etapa aurreratuetan ere, begien mugimendu kontrolatua bere horretan mantentzen da, eta komunikazio-bide bakar bihurtzen da. Kasu horietan, begiradaren pantaila aurreko kokapena ordenagailuarentzat instrukzio gisa erabil daiteke. Helburu horrekin, software berezi asko sortu dira. Teklatu birtual deritzen aplikazioak dira ezagunenak. Horietan, eye tracking sistemaren erabiltzaileak hizkiak eta hitzak aukera ditzake pantailan agertutako teklatuan begiratuz, eta, hala, esaldiak osatu. Horri esker, komunikatzeko dituen trabak gaindituko lituzke, hein handi batean.
Eye tracking sistemen aplikazioa zabala da minusbaliotasunen eremuan, eta egunero agertzen dira posibilitate berriak.
Hala ere, badira mugiezintasunarekin zerikusirik ez duten erabilera interaktiboak ere. Horien oinarria pantailan begirada zuzentzen den puntuaren eta erabiltzaileak duen interesaren arteko erlazioa da. Horiei Gaze Contingent Display (GCD) edo begiraden agindupeko interfase deritze. Horietan, miatutako pantailaren ingurua erabiltzailearen arabera molda daiteke, eta, adibidez, zehaztasun gehiago erakutsi, zoom automatiko bat erabili edo aurrekoarekin zerikusia duen informazio berria sortu.
Modu berean, interesgarria da teknika horiek errealitate birtualean eta marrazki bizidunen munduaren inguruan duten aplikazioa. Jakina da horrelako lanek konputazio-zama handia dutela. Kalitateko irudiak produzitzea ez da hain prozesu sinplea. Eye tracking sistemen helburua ikusleak begiratzen duen imajinaren zatia zein den asmatzea izango litzateke, elementu hori bereizmen hobearekin eta xehetasun gehiagorekin erakusteko. Gainerako zatietan, ordea, kalitatea galdu egingo litzateke, eta, hala, irudiaren erreprodukzioa erraztu.
Orain arte aipatutakoarekin, eye tracking sistemek nolabaiteko aplikazioa badutela esan daiteke... baina zer da eye tracking sistema bat? Zertan datza haren funtzionamendua? Young eta Sheena-ren lanak ederki laburbiltzen ditu teknologiak begiradari jarraitzeko eskaintzen dituen baliabide guztiak. Egia esanda, hainbat teknologia erabil daitezke gizakiaren begirada aztertzeko; ezagunenak elektrookulografia (EOG) eta bideookulografia (VOG) dira.
Teknika horren kontrakoek gertatzen diren interferentziak erabiltzen dituzte aurka egiteko argudiotzat. Ukaezina da inguruan dauden giharren mugimenduek eragin nabarmena dutela seinalean. Horretaz gain, begi-niniaren zabalerak argiarekiko duen menpekotasunak elektrodoen funtzionamendua aldatzen du. Ondorioz, teknika horrek kondizio oso bereziak eskatzen ditu lortutako emaitzak gertatukoaren datu adierazgarriak izan daitezen.
Teknika bideookulografikoek bestalde, kamera bat erabiltzen dute begiaren irudiak grabatzeko. Oinarria sinplea da: begiaren imajina aldatu egiten da begirada aldatu ahala. Sistema horiei dagokienez, infragorri hurbilean (750-880 nm) lan egiten duten argi-iturriek erabilera nabarmena dute. Gizakiaren ikusteko ahalmena 700 nm-ra iristen da; beraz, argi mota hori ikusezina da, hau da, begian eragindako efektua ez dugu nabaritzen. Argiaren helburua, batetik, kalitate onargarri bateko begi-irudiak sorraraztea da, eta, bestetik, imajinan berezitasun zehatzak eragitea, kornearen azalean erreflexuak sortzea, hain zuzen ere.
Normalean, irudiaren prozesu-teknika bereziak erabiliz, grabatutako irudietan ezaugarri bereziak bilatzen dira: begi-niniaren forma, erreflexuen kokapena eta abar. Ezaugarri horien aldaketak zuzenki erlazionatuta daude begiradaren bariazioarekin.
Sistema horiek duten mugarik handienetako bat buruaren mugimendua da. Erabiltzaileak burua inguru batean finko mantendu behar du, kameratik kanpo ez joateko. Mugiezintasunaren esparruan oztopo horren garrantzia txikia izan arren, zenbait erabiltzaile eta aplikaziotan ez da lan erraza, halako sistemek darabiltzaten eremu txikiko lente eta objektiboek askatasun gutxi uzten baitute. Muga hori gainditzeko asmoz, beste irtenbide batzuk proposatu dituzte hainbat ikertzailek. Ezagunenak buruan zuzenean ezartzen diren sistemak dira, kasko edo betaurreko baten antzera. Burua askatasun osoz mugi daiteke, kamera harekin batera mugitzen baita.
Burua euskarri baten bidez finko mantentzen duten sistemak ere baditugu. Arazoa desagertu egiten da, burua geldi edukitzen dela onar daitekeelako. Erabiltzailearen aldetik, ordea, erosotasuna galtzen da.
Aipatutakoarekin, eye tracking sistemen etorkizuna ziurtatua dagoela esan dezakegu. Erabilitako teknikak hobetzen diren heinean, aparatu horiei buruz gero eta gehiago entzutea espero dezakegu.
Kontuz, beraz, denda baten erakusleiho aurrean paratzen zarenean... Norbait zuri begira dago!