Darwinek urtebete geroago argitaratu zuen Espezieen jatorria hautespen naturalaren bidez liburu ospetsua, baina 'bekatua' egina zegoen: Darwinek eta Wallacek ez zuten jainkoaren beharrik izan mundu osoan barreiatuta zeuden espezie guztiak nola sortu ziren azaltzeko. Eta horrek iraultza ekarri zuen garai hartako gizartera. Izan ere, oso errotuta zegoen Jainkoak mundua eta munduko bizidun guztiak sei egunean egin zituelako ustea.
Hala ere, eboluzioaren ideia ez zen erabat berria, eta sinestun batzuek ere onartzen zuten espezie batzuetatik beste batzuk sortzen zirela. Adibidez, ideia hori nahiko zabalduta zegoen XVIII. mendeko geologo eta pentsalari batzuen artean; horietako bat Charles Darwinen aitona zen, Erasmus Darwin.
Eta hori baino askoz lehenago, hemezortzi-hemeretzi mende lehenago, Anaximandro filosofo greziarrak eta Lucrecio erromatarrak ere proposatu zuten espezieak elkarrekin erlazionatuta zeudela, eta denborarekin eraldatu egiten zirela. Harritzekoa ere bada garai hartako ideia batzuk eta gaur egungoak hain antzekoak izatea. Tartean, ordea, bi mila urte igaro dira, eta, ia joan den mendera arte, bizidun guztiak Jainkoak orain diren bezala kreatu dituelako ustea nagusitu da.
Gaur egun ere bada eboluzioa ukatzen duenik, edo horren atzean Jainkoa dagoela sinesten duenik, baina, Darwinez geroztik, ez dago jainkoen beharrik espezieak nola sortu diren eta nola eboluzionatzen duten azaltzeko. Hain justu, horixe izan zen haren (eta Wallaceren) ekarpen handiena: eboluzioa azaltzen duen mekanismoa proposatu zuen. Eta mekanismo hori ez zen batere zerutiarra, alderantziz baizik. Hautespen naturala zen.
Ordurako, Thomas Malthusek idatzia zuen Populazioaren printzipioari buruzko saiakera . Malthus kezkatuta zegoen gizakia janaria baino azkarrago ari zelako ugaltzen. Horretan oinarrituta, Darwinek proposatu zuen bizidunek baliabideak lortzeko borrokatzen dutela elkarren aurka, eta abantailaren bat dutenek egiten dutela aurrera. Nolabait esateko, haiek dute ugaltzeko aukera gehien, eta, beraz, haien ezaugarriak hurrengo belaunaldira transmititzen dira.
Horri esker, espezieak hobetu egiten dira, eta prozesu horretan gertatzen diren aldaketa morfologikoen ondorioz sortzen dira espezie berriak. Dena den, espezieak hobetzeak ez du esan nahi helburu bat dutenik; Darwinentzat, hobea izatea da hobeto moldatzeko gai izatea, besteak baino hobeto egokitzea ingurura.
Hautespen naturalaz gain, beste kontzeptu garrantzitsu bat ere plazaratu zuen Darwinek: espezie guztiek jatorri bera dute, izan zelulabakarrak, gereziondoak, marmokak zein txakurrak.
Eta genetikak hori frogatzea lortu du, bizidun guztiok kode genetiko berbera baitugu; hau da, zelulen bihotzean DNA dago, eta haren osagaiak berdinak dira bizidun guztietan. Tamalez, Darwinek ez zuen hark proposatutakoa baieztatzen zuen molekula ezagutu, bera hil eta 71 urte geroago aurkeztu baitzuten James Watsonek eta Francis Crickek DNAren egitura.
Hala, XX. mendearen lehen erdialdean, Mendeletik aurrera genetikan izandako aurrerapenak eta Darwinen ideiak uztartuta, eboluzioa azaltzeko eta ulertzeko beste modu bat sortu zen. Theodosius Dobzhansky-k, Ernst Mayr-ek, George Gaylord Simpson-ek eta beste hainbat zientzialarik garatu zuten, eta sintesi berria edo neodarwinismoa deitu zioten.
Sintesi berriaren arabera, eboluzioaren eragile nagusia mutazioa da. Mutazioak material genetikoan zoriz gertatzen diren aldaketa iraunkorrak eta heredagarriak dira. Batzuek (gehienek) ez dute aldaketa nabarmenik sortzen, baina beste batzuek mutazioa jasan duen banakoaren bizirauteko edo ugaltzeko gaitasunari eragiten diote, onerako zein txarrerako.
Adibidez, mutazio horri esker gaixotasun bati aurre egiteko gai bada, edo beste nolabaiteko onura ekartzen badio, hautespen naturalarengatik, banako horrek ingurukoek baino aukera gehiago izango ditu aurrera egiteko. Horrenbestez, mutazio horrek 'arrakasta' izango du, hau da, hurrengo belaunaldietan ere azalduko da; baldin eta heredagarria bada.
Mutazio bidez sortutako ezaugarriek populazioan izango duten hedapenean, berriz, gene-fluxuak eta gene-jitoak eragiten dute. Gene-fluxua populazioen arteko geneen migrazioa da, eta, gene-jitoa, gene berak dituen aldaeretatik, gurutzaketan, hurrengo belaunaldira zein aldaera transmititzen den. Bi mekanismo horien bitartez, ezaugarri baten maiztasun genetikoa txikitu edo handitu egiten da.
Bestalde, geneen garrantzia muturrera eramanda, 1976an Gene egoista idatzi zuen Richard Dawkins etologoak. Haren esanean, eboluzioak ez du banakoetan eragiten, geneetan baizik. Hala, genea herentziaz transmititzen den informazio-unitatea da, eta geneak gordetzeko makinak besterik ez dira organismoak.
Gene egoista esapidearen bidez, berriz, iradoki zuen gene baten 'arrakasta' ingurura egokitzeko duen gaitasunaren baitan dagoela. Banakoari ugaltzeko aukera gehien ematen dion genea gero eta maiztasun handiagoz azalduko da hurrengo belaunaldietan.
Gene egoistaren teoria azaltzeko, arrautzaren eta oiloaren dilema erabili izan da. Nolabait esateko, Dawkinsen ikuspuntutik begiratuta, arrautzak sortzeko arrautzak berak erabiltzen duen bitartekoa da oiloa.
Hain zuzen, 1972an, Niles Eldredge eta Stephen J. Gould paleontologoek oreka taiduna izeneko teoria plazaratu zuten. Teoria horren arabera, eboluzioa ez da pixkanakako moldatze geldoen ondorioa bakarrik; bat-bateko aldaketa bortitzak ere gertatzen dira.
Horrek azaltzen du, neurri batean, zergatik dauden hutsuneak erregistro fosilean. Izan ere, fosilek ez dute erakusten espezieak pittinka aldatzen doazen segida jarraitu bat. Alderantziz, geruza geologikoetan ikusten da espezieak berez egonkorrak direla, eta aldaketa gehienak espezie berriak sortzen direnean gertatzen direla.
Dena den, oreka taiduna ez doa sintesi berriaren ez darwinismoaren aurka; aitzitik, Darwinek berak ere ikusten zuen erregistro fosila ez zetorrela bat espezieak gutxika eraldatzen diren ideiarekin, eta denborarekin erregistro fosila osatuko zela espero bazuen ere, bazuen kezka hori. Gainera, Eldredge eta Gould espezie berriak sortzeko eredu alopatrikoan oinarritu ziren.
Eredu alopatrikoa sintesi berriaren teorikoetako batek proposatu zuen, Sewall Wright matematikariak, eta Ernst Mayr ornitologo eta eboluzionista ospetsuak garatu zuen. Eredu alopatrikoaren arabera, espezie berriak ez dira sortzen aurreko espezie oso baten pixkanakako eraldaketa batetik. Aldiz, populazioaren bazter batean bizi den talde txiki bat bakartuta geratzen denean, aldaketa azkarrak gertatzen dira, eta, horren ondorioz, espezie berri bat sortzen da.
Kontuan izan behar da, hala ere, Eldredge eta Gouldentzat espeziazio azkarrak 10.000 urte edo gehiago iraun dezakeela. Eskala geologikoan denbora gutxi da, baina nahikoa hautespen naturalak eragina izan dezan.
Horrenbestez, teoria kontrajarriak baino gehiago, eboluzioaren teoria berritzen eta aberasten duten ideiak sortzen dira askotan. Batzuk baztertuak izan dira plazaratu diren garaian, baina behin baino gehiagotan gertatu da gerora aurkitu direla baliogarriak direla erakusten duten frogak.
Gutxi gorabehera hori gertatu da Richard Goldschmitdten munstro itxaropentsuekin . 1940. urtean, eboluzionista hark makromutazioaren teoria proposatu zuen: espezie berriak bat-bateko jauzien bidez sortzen ziren. Darwinismoaren pixkanakako aldaketetatik oso urruti zegoen, eta askok baztertu egin zuten munstroak sortzen zituen fenomeno hori.
Ikertzaileek galderak egiten jarraitzen dute, eta, sortzen diren erantzun guztietatik, errealitatera eta errealitateaz dugun ikuspegira ondoen egokitzen direnek egiten dute aurrera. Nolabait, bizidunek eboluzionatzen duten bezalaxe.