Egilea: Migel Mari Elosegi Irurtia
Aitzakia handi samarra da. Energia hidroelektrikoak alde onak ditu, baita alde txarrak ere. Guk ezagutu dugu bat. Behar bezala zaintzen ez bada ubideen kontu hau, alde beltz samarra izan daiteke. Kontua hau da: argindarra sortzeko ubideak behar dituzte; ura desbideratzen dute errekatik, ubideetan barrena eramaten dute, eta gero hodi batean sartu eta goitik behera salto eginarazten diote, turbina mugiarazteko. Nik betidanik entzun izan diet lagunei eta artzainei: "Ez dakit nork ardi bat galdu du, ubidera erori zaio" (guk kanalera esaten dugu).
Egun batean neronek topatu nuen ardi bat, eta beste egunen batean beste animalia bat, eta orduan hasi ginen pentsatzen hau zenbateko arazoa ote den; urtean bat erortzen da edo astean bat erortzen da? Jarraipena egiten hasi ginen. Segituan konturatu ginen ubide batzuetan ez zela ezer erortzen, eta beste batzuetan izugarrizko piloa. Zergatik? Bada, batzuk estalita zeuden, itxita zeuden, arrapalak zituzten, pasabideak zituzten... Gutxienak ziren. Horietan gauzak ongi samar joaten ziren. Baina beste batzuetan animalia-piloa erortzen zen. Azken horietan egin genuen ahalegin handiena. Astero-astero joan ginen hiru ubidetara, lau urtez, txandaka. Animalia asko erortzen ziren. Nik batez ere ardiak aipatzen ditut, baina denetik erortzen da. Mendian dabilen edozer gauza eror liteke.
Ubidearen pareta bertikala da. Behin animalia bat erortzen denean, normalean, ezin da irten. Sugandila bai, irteten da; eta ez dakit zer beste animalia irten daitekeen. Gainerako gehienak erori eta ez dira irteten. Erori egiten dira ubidera iristeko bidea ez dagoelako moztuta, ez dagoelako hesi bat tartean.
Nik hala espero dut. Artikulua positiboa da borondate ona ikusi nuelako; gainera, ez zen izan bakarrik "bla, bla, bla eta utzi bakean". Zerbait egiten ari dira. Dena den, arazoak oraindik beste zerbait behar du; goazen serio hartzera eta ea lortzen dugun bat ere ez erortzea. Zaila izango da, baina bidea badakigu zein den.
Egilea: Ibon Cancio Uriarte
Tortura bat jasan dut azkeneko urtean; tortura hori nire semearena izan da: asko gustatzen zaio Nemoren bila filma. Han azaltzen den mezu nagusia aitatasunaren mistikarena da; Nemoren aita nola doan bere semearen bila, eta abar. Nik ez dut zuzenean arrain-espezie horrekin lan egiten, baina badakit espezie berezia dela; bikoteka bizi da, anemona batean. Baina anemona gutxi daude bizi diren tokian, eta espezie horren ale asko derrigortuta daude anemonetatik kanpo bizitzera. Bikotekide bati zerbait gertatzen bazaio, Nemoren kasuan emeari, kanpoan bizi den batek eskuratzen du bizitzeko toki hori. Normalean ar heldugabe bat izaten da; eta barruan zegoen arra eme bihurtzen da. Nik esaten diot nire semeari Nemoren istorioa ez dela posible (bi urte ditu; ez du ulertzen). Hori azaltzeko asmoz idatzi nuen artikulua.
Egilea: Arantxa Villanueva Larre
Orain dela urte asko hasi nintzen lanean horrelako sistemekin. Kamera batez begiaren irudiak grabatuz gero, irudi horien bidez, pertsonak nora begiratzen duen jakin daiteke. Azken batean, begiaren mugimenduak grabatzen ditu, pertsonaren ikuspuntua, eta horrek hainbat aplikazio ditu. Artikuluan ez dut funtzionamendu zehatza azaldu, baizik eta zer aplikazio dituzten sistema horiek.
Bi motatako aplikazioak dituzte. Batetik, diagnostikorako aplikazioak. Begiaren mugimendua grabatzen da, adibidez, pertsonak web orri bati begiratzen dion bitartean, eta web orriaren diseinatzaileak jakin dezake zeri begiratu dion eta zeri ez. Bestetik, erabilera interaktiboetan aplikatzen da. Adibidez, sistema horiek ordenagailua erabiltzen laguntzen diete ezinduei. Komunikatzeko bide bat irekitzen diete.
Egilea: Goretti Goikoetxeaundia Garmendia
Ia denok ikusi dugu noizbait xafla iragazgaitz bat. Eraikinetan, esaterako, erraza da langileak teilatuetan ikustea, xafla beltz batekin aurrera eta atzera, soplete batekin xafla itsatsi nahian. Gu xafla horiek ari gara aztertzen gure ikerketa-taldean.
Xafla iragazgaitz horien osagai bat polimero bat da. Normalean, kautxua edo polipropileno bat izaten da. Guk EVA polimeroa gehitu diogu, hau da, negutegietan erabiltzen den plastikoa, baina birziklatua. Negutegietako plastiko hori ezin da berriz erabili negutegietan, propietateak galdu baititu. Guk betuna aldatzeko erabiltzen dugu.