Sendatuko al da, lurzoru-medikua?

Epelde, Lur

NEIKER-Tecnaliako ikertzailea

Garbisu, Carlos

NEIKER-Tecnaliako ikertzailea

Gure medikuak gaixotasunak diagnostikatzeko odol-analisiak egiten dituen gisara, lurzoruak pazientetzat hartuta, oso baliagarria izan liteke haien osasuna aztertzeko zenbait parametro neurtzea. Izan ere, lurzoruak sistema biziak dira, oinarrizko funtzioak aurrera eramateaz arduratzen diren organismo-multzo itzelez osatuak. Haiek gaixotuz gero, arriskuan jartzen dira lurzoruen funtzioak eta ekosistema-zerbitzuak. Zorionez, bada terapia bat lurzoruak sendatzeko kostu ekonomiko baxua, ingurumenarekiko begirunea eta gizartearen aldetik harrera ona dituena: fitorremediatzea.
Sendatuko al da, lurzoru-medikua?
2011/01/01 | Epelde, Lur; Garbisu, Carlos | NEIKER-Tecnaliako ikertzaileak

Gaixotasuna

(Argazkia: Lur Epelde)
Gazitzea, erosioa, zigilatzea, kutsadura, materia organiko eta biodibertsitatearen galera... Hainbat dira lurzoruen degradazioa eragiten duten faktoreak. Azken urteotan bereziki, ingurura askatutako kutsatzaile-kopurua izugarri gehitu da, ekosistema edafikoak bere burua garbitzeko duen ahalmena gaindituz. Euskal Herrian, lurzoru probetxugarriaren okupazioa metal eta egurraren eraldatzeari eta industria kimikoan oinarrituriko garapen industrial azkar bati dago lotuta. Industria-jarduera horietako hondakinen isurketa axolagabearen ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 7.898 hektarea potentzialki kutsaturik daude. Industria-jardueren artean, meatze-lanek garrantzi itzela izan dute historikoki. Meatze gehienak burdina erauzteko baziren ere, ugariak dira zinka eta beruna erauztekoak ere. Metal batzuk ezinbestekoak dira bizitzarako, baina kontzentrazio altuan egonez gero, zenbait metal, hala nola zinka, kadmioa edo beruna, toxikoak izan daitezke hainbat organismorentzat.

Lurzorua gure baliabiderik garrantzitsuenetako bat da, hainbat ekosistema-zerbitzuz hornitzen baititu ingurunea eta gizakia. Besteak beste, ziklo biogeokimikoen erregulazioan, kutsatzaileen biorremediatzean, jaki eta erregaien hornikuntzan, atmosferako gasen erregulazioan, izurri eta patogeno potentzialen kontrolean, jolasean, erabilera espiritualean eta abarretan parte hartzen du. Gure ongizatea zerbitzu ekosistemiko horien menpe egon arren, zoritxarrez, ez daude behar bezala aintzatetsiak merkatu ekonomikoaren eta ingurumenaren kudeaketa-politiketan.

Diagnostikoa

Diagnostikorako geotxip bat erabil daiteke, besteak beste. Mikroarray bat da, hainbat prozesu biogeokimiko eta ekologikotan parte hartzen duten gene ezagun guztietako 24.000 zundaz osatua. Puntutxo bakoitza zunda bat da, eta koloreek molekula ituaren eta laginaren arteko hibridazio-maila adierazten dute, bai eta geneen espresio-maila ere. Honelako teknikek lurzoru kutsatuetako dibertsitate mikrobiarretan gertatutako aldaketen ondorioetan sakontzen lagunduko digute. Arg.: Lur Epelde.

Patologia baten antzera, ekosistema edafikoaren "gaixotasun" bat izan litekeenaren sintomen aurrean, lehendabiziko pausoa gaixotasunaren zergatia identifikatzea litzateke. Zenbait parametro biologiko proposatu dira lurzoru-ekosistemaren osasunaren bioadierazle gisa: mikrobio-biomasa, nitrogeno mineralizagarria, lurzoruko jarduera entzimatikoak, sustraietako patogenoak, landareen hazkuntza eta dibertsitatea eta abar. Hauetatik guztietatik, parametro mikrobiarrek, bereziki mikrobio-komunitateen biomasarekin, aktibitatearekin eta biodibertsitatearekin zerikusia daukatenek, potentzial handia dute bioadierazle gisa; sentsibilitate altua, asalduren aurrean azkar erantzuteko ahalmena eta izaera bateratzailea azaltzen dituzte. Izan ere, garrantzi handiko aktoreak dira mikroorganismoak lurzoruko funtzioen gauzatzean, bertako aktibitate biologikoaren %70-85en erantzuleak baitira. Lurzoruko mikroorganismoen dibertsitate ikaragarriaren adibide bat ematearren, eskukada bakarrean 10.000 espezietako 100 bilioi bakterio edo 500 espezie baino gehiagoko 50 km onddo aurki daitezke.

Terapia

Sintoma eta neurketetan oinarrituta gaixotasuna "diagnostikatu" denean, "terapia" bat aplika daiteke. Aldi berean, gaixotasunaren eboluzioa monitorizatzeko programa bat ezarri behar da, tratamenduaren efikazia ezagutu ahal izateko (bioadierazle gisa lurzoruko propietate mikrobiologikoak erabiliz). Azken urteotan, teknologia biologiko berritzaileen garapena bultzatu da, metalez kutsaturiko lurzoruak merke erremediatu ahal izateko. Esaterako, 80ko hamarkadan lurzoru kutsatuetako metalak erauz ditzaketen landareak erabiltzeko aukera proposatu zen. Ingurunetik kutsatzaileak kendu edo indargabetzeko landareak erabiltzeari fitorremediatze deritzo. Fitorremediatzearen barruan zenbait kategoria daude:

Bertan behera utzitako Lanestosa inguruko meatzea. Lurzorua zinkez, kadmioz eta berunez kutsatua dago. Arg.: Lur Epelde.

Fitoerauzketan, landareak erabiltzen dira kutsatzaileak lurzorutik erauzteko. Etengabeko fitoerauzketan metalen hiperakumulatzaile diren landareak erabiltzen dira, hazkuntza-ziklo guztian zehar metal-kantitate altuak jasateko eta metatzeko gai direnak. Mota honetako espezieen artean ezagunenetarikoa Thlaspi caerulescens izenekoa dugu. Euskal Herrian ere bada landare berezi honen barietaterik (Lanestosa izenarekin); hosto eta zurtoinetan bere pisuaren % 2,5 adina zink eta %0,02 adina kadmio metatzera irits daiteke.

Zoritxarrez, landare hiperakumulatzaile gehienak ( T. caerulescens barne) hazkuntza geldokoak eta tamaina txikikoak dira, eta, gainera, ez daukate laborantza-praktika arauturik. Beste landare batzuek, berriz, metal-metaketa txikiagoa dute, baina hazkuntza-tasa handiagoarekin konpentsatzen dute. Horregatik, biomasa altuko laboreak gero eta gehiago ikertzen dira fitoerauzketan erabiltzeko. Beharbada, fitorremediatzea bera balio gehigarri bat emango dion produktuen lorpenarekin konbinatzen duen estrategia izango da epe luzera, komertzialki etorkizun oparoena izango duena. Adibidez, basartoa bioetanolaren produkziorako labore energetiko moduan erabil daiteke. Azkenaldian puri-purian dagoen elikagaia vs bioerregaia eztabaida saihestu liteke lurzoru kutsatuak (elikagaiak hazteko egokiak ez direnak) biomasa energetikoaren ekoizpenerako erabiliko balira.

Bestalde, badira landareentzako eskuragarritasun urriko metalak, hala nola beruna. Kasu hauetan, lurzorura agente kelatzaileak gehituta landareen xurgapena handitzen zela aurkitu zuten, eta ikerketarako ate berri bat ireki zen horrela, "kelatzaile bidezko fitoerauzketa"-rena. Metalekin batera konplexuak eratzen dituzten substantziak dira agente kelatzaileak, lurzoruari gehitzean metalen eskuragarritasuna handitzea lortzen dutenak. Alabaina, kontuan eduki beharrekoak dira kelatzaileek beraiek lurzoruaren osasunean izan litzaketen efektuak. Orain arte gehien erabili den kelatzailea EDTA (azido etilendiamintetraazetikoa) izenekoa da. Zoritxarrez, EDTAk berunarekin eratzen duen konplexuak biodegradazio-tasa baxua eta disolbagarritasun altua du; hala, bada, arrisku handia dago landareak xurgatu baino lehen lixibiatzeko. Azken aldian, ordea, erraz biodegradatzen diren eta lixibiazio gutxiago eragiten duten EDDSa (azido etilendiamina-N,N´-disukzinikoa) eta antzeko kelatzaile naturalen erabilera proposatu da.

Fitorremediatze-estrategiak. Fitoerauzketaren xedea kutsatzaileak zurtoin eta hostoetara eramatea den bitartean (gero uztatu ahal izateko), fitoegorkontzean kutsatzailea sustraietan geldiaraztea bilatzen da. Arg.: Lur Epelde.

Fitoerauzketa etorkizun handiko teknologia baldin bada ere, egun dagoen garapen-maila kontuan hartuta, beste erremediazio-teknika batzuekin baino epe luzeagoak behar dira, prozesua aurrera eramateko. Batez ere kutsadura-maila altuak dituzten lurzoruetan (meatze batean, adibidez), alternatiba errealistago bat fitoegonkortzea deritzona da. Fitoegonkortzearen bidez kutsatzailearen immobilizazioa bilatzen da, bai landarearen sustraietan metatuz, bai sustrai-ingurunean hauspearaziz. Honela, kutsatzailea lurzoruan gelditzen da, baina erosio eta lixibiazio bidezko migrazioa ekiditen da behintzat. Are gehiago, fitoegonkortzea medeatze organikoekin konbina daiteke. Medeatze hauek lurzoruaren propietateak hobetzen dituzte, gehiegizko metalei atxikiz eta landareak elikagaiez hornituz. Interes handikoa da, aldi berean, medeatze organiko gisa hondakinak ( e.g., behi-minda) erabiltzea landareei balioa emateko, beti ere lurzoruaren osasunerako kalterik ez badakarte.

Gauzak horrela, badirudi erremediazio-estrategia egokiena tokian tokiko egoeraren araberakoa izango dela. Kontuan hartu beharko dira lurzoru horren etorkizuneko erabilera, kutsadura-mota eta maila, etab. Edonola ere, nabarmendu beharra dago edozein fitorremediatze-prozesuren gorengo helburuak kutsatzailea ezabatzea ez ezik, lurzoruaren osasuna berreskuratzea ere izan behar duela; baliabide honek funtzioak modu iraunkorrean burutzeko duen ahalmena berreskuratzea, alegia.

Sendaketa

Kelatzaile bidezko fitoerauzketa karduarekin. Metal-erauzketa kelatzailea gehitzean gertatzen da. Arg.: Lur Epelde.

Azkenik, beharrezkoa da gaixotasunaren garapenaren monitorizazioan erabilitako parametroentzat erreferentziazko balio batzuk ezartzea, lurzoruak osasuna berreskuratu duen ala ez zehazteko. Zoritxarrez, ekosistema edafikoa ikaragarri konplexua eta heterogeneoa da espazioan/denboran, eta zaila da lurzoru baten egoera osasuntsua zein den zehaztea.

Bukatzeko, jakina da medikuntzak giza gorputzaren fisiologiaren ezagutzan sakontzea ahalbidetu duela historian zehar. Era berean, interes handikoa da lurzoru kutsatuak aztertzea, orain arte ezezaguna izan zaigun ekosistema edafikoaren funtzionamendua ulertzen saiatzeko.

BERRILUR Partzuergoari, doktore-tesian lurzoru-medikutara jolasten laguntzeagatik, eskerrik asko.

Etengabeko fitoerauzketa Thlaspi caerulescens ekin. Metalaren erauzketa hazkuntza-fase osoan egiten da. Arg.: Lur Epelde.

BIBLIOGRAFIA

Alkorta, I.; Hernández-Allica, J.; Becerril, J.M.; Amezaga, I.; Albizu, I.; Garbisu, C.:
"Recent findings on the phytoremediation of soils contaminated with environmentally toxic heavy metals and metalloids such as zinc, cadmium, lead and arsenic".
Rev Environ Sci Bio/Technol, 71-90. 2004.
Epelde, L.:
Evaluation of the efficiency of metal phytoremediation processes with microbiological indicators of soil health.
Tesia. EHU. 2009.
Pankhurst, C.E.; Doube B.M.; Gupta, V.V.S.R.:
"Biological Indicators of Soil Health". CAB International, Wallingford, pp 451. 1997.
Doktore-tesia
Lurzoru-medikutara jolastu nahian, esku batean aitzurra eta bestean laborategiko pipeta dituela aritu da Lur Epelde bere tesian, Carlos Garbisuren zuzendaritzapean. Lan honen helburua metalekin kutsaturiko lurzoruak fitorremediatze-estrategien ebaluazioa egitea izan da, horretarako lurzoru-ekosistemaren osasunaren adierazle gisa potentzial handia duten lurzoruko propietate mikrobiologikoak baliatuz.
Emaitzek adierazten dutenez, metalek sorturiko kutsadurak lurzoru-ekosistemaren osasunean eragin negatiboa izaten du sarritan, eta eragin negatibo hori praktika fitorremediatzaileak erabiliz lehengoratu egin daiteke, hein handi batean edo guztiz. Meatze-inguruneetan aurkitzen diren landareak lurzoruko metal-kontzentrazio altuak jasateko gai dira, eta fitoerauzketa- zein fitoegonkortze-prozesuetarako hautagai ezin hobeak dira. Hain zuzen: (i) Zn eta Cd-aren fitoerauzketa jarraiturako, Thlaspi caerulescens landarearen Lanestosa barietatearen izaera hipermetatzailea baieztatu da; eta, hortaz, fitoerauzketarako duen ahalmena (era berean, biomasa altuko laboreak erabil litezke metalen fitoerauzketarako, hala nola basartoa); (ii) kelatzaile bidezko fitoerauzketari dagokionez, EDDSak EDTAk baino ahalmen txikiagoa du karduan Pb-aren metaketa eragiteko (bestalde, EDDSak toxikotasun baxuagoa du lurzoruko mikrobio-komunitateentzat); (iii) metalen kimiofitoegonkortzeari dagokionez, medeatze sintetiko eta organikoen erabilerak Zn-aren, Pb-aren eta Cd-aren toxikotasuna murrizten du, eta Lolium perenne ren hazkuntza osasuntsua ahalbidetzen; (iv) eta metalak jasateko zenbait estrategia dituzten landare pseudometalofitoen konbinazioak etorkizun handiko aukera dirudi metalekin kutsaturiko lurzoruen birlandatzerako/fitorremediatzerako. Azkenik, lurzoruko propietate mikrobiologikoak, duten sentsibilitateari, asalduren aurrean azkar erantzuteko ahalmenari eta izaera bateratzaileari esker, tresna hobezinak dira prozesu fitorremediatzaileen efizientzia ebaluatzeko.
Epelde, Lur; Garbisu, Carlos
3
271
2011
1
022
Biologia
Gai librean
50

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila