Klima-aldaketa eta mahastizaintza. CAF-Elhuyar 2021 (Neiker Sariaren aipamen berezia)

klima-aldaketa-eta-mahastizaintza
Ardo zuria eta ardo beltza. Arg. Liquibox

“Umeak gineneko tomateak, horiek bai onak!” eta antzekoak entzun izan ditugu sarri jende nagusiaren ahotan. Fruitu zein barazkiak hazi eta lantzeko moduak eragin handia du zaporean, baina, horrez gain, gaur egungo tomateak ez dira duela 30 urte landatzen ziren tomateen berdinak: ez dira berez txarragoak, beste aldaera batzuk baizik. Izurrite eta gaixotasunak eguneroko ogia dira nekazarientzat, eta haien kontra erabili behar diren landare-osasunerako produktuak murrizte aldera hartutako estrategia bat landare erresistenteak hautatzea eta landatzea da [1]. Horren harira, hobekuntza genetikoko hainbat proiektu garatu dira azken 40 urteetan ikerketa-zentroetan, eta haien arrakasten artean daude gaur egun landatzen diren aldaera erresistenteak [2].

Ziurrenik hemendik urte batzuetara antzeko zerbait gertatuko zaigu ardoarekin, gaztetan edaten genuen ardo hura askoz hobea zela irudituko zaigu, eta ez zaigu arrazoirik faltako. Baina kasu horretan arrazoia ez da genetikoa izango, klima-aldaketak eragindakoa baizik.

Klima, iparra galduta

Jakina da Ipar poloko animaliak klima-aldaketaren ondorio gordinak pairatzen ari direla, askok ikusi baititugu fenomeno hori ilustratzen duten irudiak. Adibidez, tenperaturen apurkako igoerak itsas izotza desizoztea dakar; hartz zuriek ehizatzeko eta elikagaiak lortzeko behar-beharrezkoa dute, eta espeziearen biziraupena arriskuan dago [3]. Hala ere, animaliak ez dira lurraren batez besteko tenperatura pixkanaka igotzearen efektuak pairatzen dituzten bakarrak; izan ere, landareen erreinuan nabaria da tenperatura-igoeraren eragina.

Etorkizunean bi aldaketa nagusi espero dira kliman, hurrengo 50- 100 urteetan. Alde batetik, tenperatura batez beste 1,4 - 3 °C igotzea neguan, eta 2,5 - 5 °C, udan. Dena dela, aldakorra izango da eskualdearen arabera, eta igoera gogorragoa izango da ipar hemisferioan. Gainera, egin diren ikerketak ez datoz guztiz bat aurreikuspenetan. Beste alde batetik, euri edo prezipitazioen banaketa heterogeneoa espero da; hau da, aro euritsuenak udazkena eta negua izatea aurreikusten da, eta udaberria eta uda, lehorrenak. Hori horrela bada orain ere, espero da efektu hori gehiago areagotzea, eta udaberri eta udan loratzen diren landareei estres hidrikoa eragitea. Horrez gain, sarriago gertatuko dira muturreko klima-egoerak, eurite oso gogor eta puntualak, kasurako [4].

Eraginak mahastizaintzan

Mahatsaren adibidea bereziki esanguratsua da, ardoa egitea oso zientzia zehatza baita, eta tenperaturak eta klimak eragin izugarria dutelako amaierako ardoaren profil aromatikoan zein ardoaren kolorean. Ardoa egiteko beharrezkoa da kalitatezko mahatsa edukitzea, eta mahatsaren kalitatean ondorengo parametroek dute eragin handiena: konposatu fenolikoen heltzeak, azukre eta azidoen arteko orekak eta mahats osasuntsua izateak.

Mahatsaren egitura eta interes enologikoko konposatuak. Arg. Helene Sanchez Zelaia

Konposatu fenolikoek ezaugarri sentsorial garrantzitsuak zehazten dituzte, besteak beste, ardoaren kolorea, gorputza, astringentzia eta mikaztasuna. Molekula horiek bide metaboliko sekundarioetatik sintetizatzen dira, eta mahatsaren heltze-prozesuan agertzen dira azal eta hazietan; halakoak dira taninoak eta antozianoak. Antozianoak landarearen pigmentu naturalak dira, landarea argi ultramoretik babestu eta polinizazioa errazten dutenak, besteak beste, ardo beltzari kolorea emateaz gain. Taninoak, ordea, estresaren aurreko erantzunarekin eta landareen defentsa-sistemarekin daude erlazionatuak, eta ardoari astringentzia ematen dioten molekulak dira. Konposatu aromatikoak heltzearekin batera heltzen dira taninoak eta antozianoak ere, eta estuki lotuta daude; horregatik, garrantzitsua da heltze fenoliko egokia gertatzea, bai ardo beltzean zein zurian.

Landareetan, azukreak funtsezko molekulak dira, landarea energiaz hornitzen baitute oinarrizko funtzioak bete ditzan. Oro har, fruta jangarrietan, heltze-prozesuko azukre-pilaketak uztaren gozotasuna eta kalitatea zehazten du [6].

Gaur egungo ardoaren merkatuan, gero eta eskari handiagoa dute kolore-espresio ugariko, konplexutasun aromatikoko eta bolumen handiko ardoek, eta horrek baldintzatu egiten du nekazari eta enologoen lana, beharrezkoa egiten dutelako heltze fenolikoa egokia izatea: kolore biziko ardoak behar dituzte, konposatu aromatikoek potentzial guztia adierazteko. Hori dela eta, mahats-biltzeko unea zehaztea da ardogintzako erabaki garrantzitsuenetako bat, batez ere kalitatezko ardoetan [7].

Ezkerrean, goiz bildutako mahatsa; eskuinean, berandu bildutakoa. Arg. Helene Sanchez Zelaia

Hainbat ikerketak azken urteetako joera eta nekazarien susmoak baieztatu dituzte: lurraren berotze-prozesuak mahats-biltzearen data aurreratzea ekarri du [5]. Horrek zuzeneko eragina du arestian aipatutakoan, tenperaturen igoerak aurreratzen duena azukrearen pilaketa baita, baina ez konposatu fenolikoen heltzea, bigarren hori erradiazioaren edo argi-izpien menpekoa da eta. Ardo batean interesgarriena da bi heltze-prozesu horiek koordinatuta gertatzea, hau da, heltze fenolikoa azukreen heltzearekin batera gertatzea eta alderantziz. Egun, bi konposatu-talde horien heltzeen artean desoreka bat gertatzen da, urte luzez eboluzioak perfekzionaturikoa suntsituz [8].

Gaur egun Arabar Errioxan eta bestelako eskualdeetan dagoeneko gertatzen ari den fenomeno horri aurre egiteko, mahastizainek erabaki hauetako bat hartu behar dute: mahatsa goiz bildu eta gradu alkoholiko apropos eta azidotasun egoki bati eutsi, baina inongo zapore edo kolore gabeko ardoa egin; edo mahatsa berandu bildu, intereseko aroma eta koloreak lortu, baina, orduan, gradu alkoholiko altuegiak lortzeaz gain mahatsa gaixotu eta hondatzeko arriskua handitu [7]. Beraz, zuriaren edo beltzaren artean aukeratu behar da, ez dago grisik.

Aldapan gora, egoerari aurre eginez

Aipatutako egoeran, bi dira mundu mailan egiten diren apustuak. Alde batetik, beroketa-efektua gelditzeko edo mantsotzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea, eta fenomeno hori eragiten duten iturburuak gelditzea. Beste alde batetik, klima-aldaketaren ondorioak kudeatzeko gaitasuna lortzea [4].

Bigarren apustu horren barruan kokatzen diren estrategien artean dago mahatsa hazteko kokapen berriak bilatzea. Kokapen berri horiek beste latitude bateko eskualde freskoagoak izan daitezke, baina baita altitude handiagoa duten mendi-bizkarrak ere, toki horietan tenperatura baxuagoa izan ohi da eta. Beste estrategia batzuk hobekuntza genetikoan eta landare egokiak hautatzean oinarritzen dira, alegia, egoera berrira hobeto egokitzen direnak hautatzea. Badira mahastiaren lantze eta maneiu eraginkor eta onuragarrian ardazten diren estrategiak ere, edo prozesu enologiko zuzentzaileetara jotzen duten estrategiak, zeinak erabiltzen baitira mahastian egindako ahalegina kalitatezko lehengaia lortzeko nahikoa izan ez denean [4].

Altitude handiko mahastia. Arg. Viveros Barber.

Klimaren inguruko ikerketek erakusten dute azken urteetan ikusitako aldaketek etorkizunean jarraituko dutela, eta ez dutela bakarrik mahatsaren eta ardoaren kalitatea jaitsiko, baizik eta gaixotasun eta izurrien patroiak aldatuko dituzte, mahatsondoaren errendimenduak aldatu, eta mahatsondoaren fenologian aldaketak eragin [4] [9]. Azalpen hau guztia klima-aldaketaren aurpegietako bat baino ez da izan, dastatu egin daitekeena, hobeto uler dadin.

ITURRIAK

[1] Alvarez M., Moya C., Florido M., Plana D. 2003. Resultados de la mejora genetica del tomate (Lycopersicon esculentu Mill.) y su incidencia en la produccion hortícola de Cuba. Cultivos tropicales, 24 (2): 63-70.

[2] Perez-de-Castro A., Diez M.J. 2013. 25 años de la mejora genética para resistencia a plagas y enfermedades. 25 años temas (pytoma).

[3] Polar Bears International. 2021. Hunting & ecosystem. https://polarbearsinternational.org/climate-change/hunting-ecosystem/

[4] García-Escudero E. 2013. Incidencia de las variaciones climáticas en el cultivo de la viña. ACE, Revista de enología científica y profesional.

[5] Ruan Y.L. 2014. Sucrose metabolism: gateway to diverse carbon use and sugar signaling. Annual Review of Plant Biology, 65, 33–67.

[6] Mira de Orduña R. 2010. Climate change associated effects on grape and wine quality and production. Food research international, 43(7):1844-1855.

[7] Meléndez E., Ortiz M.C. Sarabia L.A. Íñiguez M., Puras P. 2013. Modelling phenolic and technological maturities of grapes by means of the multivariate relation between organoleptic and physicochemical properties. Analytica Chinica Acta, 761: 53-61.

[8] Brandt M., Scheidweiler M., Rauhut D., Patz C.D., Will F., Zorn H., Stoll M. 2019. The influence of temperature and solar radiation on phenols in berry skin and maturity parameters of Vitis vinifera L. cv. Riesling. OENO One, 52 (2)

[9] Bonfante A., Monaco E., Langella G., Mercogliano P., Bucchignan E., Manna P., Terribile F. 2018. A dynamic viticultural zoning to explore the resilience of terroir concept under climate change. Science of the total environment, 624:294–308.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila