Kitridiomikosia: ikara sorrarazten duen gaixotasuna

Iglesias, Maider

Biologoa

Zientzia eta Teknologia Fakultatea, EHU.

Rojo, Iratxe

Biologoak

Zientzia eta Teknologia Fakultatea, EHU.

Anfibioak mundu osoan ari dira desagertzen. Nonahi populazioak murrizten dira. Ez da habitat-galera, espezie inbaditzaile edota gehiegizko ustiaketaren ondorioz bakarrik, ez. Erreserba, parke natural eta nazionaletan, eta babesturiko gune batzuetan ere ari dira desagertzen. Zer ari da gertatzen? Horixe da urteetan ikertzaileek erantzun nahi izan duten galdera. Gaur egun jakina da kitridiomikosi deritzon gaixotasuna dela desagerpen gehienen kausa. Baina zein da hurrengo urratsa? Nola saihestu? Erantzunik gabeko galderak dira horiek, oraingoz...
kitridiomikosia-ikara-sorrarazten-duen-gaixotasuna
Arg. Danel Solabarrieta

Anfibioen kitridiomikosi gaixotasunaren eragilea Batrachochytrium dendrobatidis onddoa da. Espezie hori kitridio deritzon taldekoa da, Chytridiales ordenakoa. Onddo horiek Fungi erreinuko gainerako taldeetatik bereizten dituzten ezaugarri bat dute: espora flagelodun mugikorra edo zoospora.

Kitridioek komunitate mikrobiarrean parte hartzen dute, bai ekosistema urtarretan, bai lurtarretan. Horietan, saprofito (materia organiko hilez elikatuz) edo organismo mikroskopikoen bizkarroi (polena, algak, ornogabeak) izan daitezke, eta funtsezko zeregin ekologikoa dute materia iraunkorraren (deskonposatzeko zailak diren kitina, keratina eta zelulosa) deskonposaketan parte hartzen dutelako. B. dendrobatidis 1998. urtean deskribatu zen, anfibio-populazioak murriztearen eragilea zela ondorioztatu zenean. Adituek dakitela, ornodunak kutsatzen dituen kitridio bakarra da.

B. dendrobatidis aren ornodunak infektatzeko ahalmena keratina elikagai moduan erabiltzeko gaitasunean oinarritzen da, besteak beste. Hain zuzen ere, anfibioen azala keratinaz osaturiko kanpo-geruza lodi bat da. Polimero konplexu bat izanik, keratina ez da baliagarria onddo gehienentzat, onddoak, oro har, konposatu sinpleez elikatzen baitira. Kitridio honen zoosporari, ordea, ezin hobeto datorkio keratina. Ostalari egokia topatzean, entzima proteolitiko eta esterasak sintetizatu eta kanpora askatzen ditu. Entzima horiek keratina degrada dezakete, eta anfibioaren azala zulatu.

Onddo sinplea izanik, B. dendrobatidis ak ez du ugal egitura makroskopikorik garatzen (onddo konplexu batzuek perretxiko-erako egiturak garatzen dituzten moduan); horrexegatik oharkabean pasatzen da lehenengo begiradan. Ostalarian dagoelarik, ordea, errizomizelio deritzon ainguratzeko sustraien antzeko gorputz sinple bat eratzen du. Horrek funtzio begetatiboak bete eta ugal egiturak ekoiztuko ditu.

Bizi-zikloa

Esan bezala, espora mugikorrak gauzatzen du infekzioa. Zoospora uretan aske dago, eta ostalariarengana bideratzen da. 24 orduz egon daiteke igerian, baina higikortasun mugatua du, eta ezin ditu distantzia luzeak egin. Muga horri aurre egiteko eta ostalaria ahalik eta azkarren topatzeko, kimiotaxiaz baliatzen da zoospora, hau da, inguruko sustantzia kimikoek gidatzen dute haren mugimendua. Behin ostalaria aurkituta, anfibioa alegia, keratinizaturiko epidermiseko kanpo-geruzari itsasten zaio. Han, flageloa birxurgatzen du, azalaren azpiko aldera lekualdatzen da, eta poltsa-itxurako egitura bat sortzen du: zoosporangioa; horren barruan hasten da ugalketa. Lau egunen buruan heltzen da, eta 300 bat zoospora askatzen ditu ingurunera. Zoosporak kanpo-ingurunera askatzeko, anfibioaren azala zeharkatuko duen tutu bat eratzen du. Zoosporak substratu egokia topatzean hasten da berriro zikloa. Substratu hori ostalari bera zein beste bat izan daiteke. Horrela, gaixotasunaren anplifikazioa lortzen da, bai ostalari batek lehendik zuena areagotuz, bai ingurunean hedatuz.

Txibiarte putzua, Amurrio (Araba). Altitude handiko guneetan, kitridiomikosiaren eragina nabarmenagoa da. Tenperatura baxuak eta horrelako ingurumen baldintzak direla-eta, anfibioak immunodeprimituak egoten dira leku hauetan. Ondorioz, ostalarien gaineko Arg. Maider Iglesias; Iratxe Rojo

Patogenia eta saiheste-mekanismoak

Gaixotasuna ulertu eta geldiarazi ahal izateko, onddoaren bizi-zikloaz eta egituraz aparte, oso garrantzitsua da anfibioaren infekzio-mekanismoa eta horren eraginak aztertzea. Ezin dugu ahaztu anfibio batzuek zenbait baliabide garatu dituztela gaixotasun honi aurre egiteko, eta haiek ere etorkizunerako konponbidea topatzen lagundu dezaketela.

Onddoa anfibio helduen azal keratinizatuaren kanpoko geruzetan hazten da, estratu korneo eta bikortsuan. Arrunki, geruza horiek (estratu korneoak, batez ere) 2 μm-tik 5era bitarteko zabalera dute. Kutsatutako animalietan, aldiz, geruza hori loditu egiten da (hiperkeratosia), 60 μm izatera heltzeraino. Orduan, geruza hori irregular bihurtzen da eta epitelio azpiko zelulak lehertu egiten dira, zoosporangioei lekua uzteko. Gainera, zoosporangio bakoitzak zoosporak askatzeko egiten duen hodiak anfibioaren azala zeharkatzen du kanpo-inguruneraino, eta azala hautsi egiten da. Ekintza hori mikroskopikoki ikus daiteke. Makroskopikoki, sintoma berantiarrak soilik sumatzen dira: azala puztea, gorritzea, erraiak handitzea, hemorragiak, eta abar.

Anfibioak gaixotasuna harrapatu eta 10-18 egunera hiltzen dira, bihotza gelditzen zaielako. Azalak anfibioen arnasketan eta elektrolitoen balantzean (barne-balantze osmotikoan) duen garrantziagatik gertatzen da hori. Izan ere, kitridioek azalaren gune oso baskularizatuak infektatzen dituzte nagusiki. Horrek gasen trukea oztopatuko du, azal bidezko arnasketa galaraziz. Gainera, azala hanpatzearen eta desitxuratzearen ondorioz, sodio, potasio eta kloruro ioien azalean zeharreko garraioa eteten da, animaliaren osmorregulazioa hankaz gora jarriz. Ondorioz, elektrolitoen desoreka eta oxigenoa gutxitzea gertatzen da odolean, karbono dioxidoaren igoerarekin batera; horrek animalia itotzen du hein batean, eta bihotza gelditu.

Dena den, anfibio batzuek saiheste-mekanismo naturalak dituzte gaixotasunari aurre egiteko. Esate baterako, frogatu da Plethodon cinereus arrabioak eta Rana mucos ak beren azalean onddoa garatzea galarazten duen bakterio bat ( Janthinobacterium lividum ) dutela. Bakterio horrek substantzia fungizidak askatzen ditu azalera, eta infekzioa ekiditen du.

Bestalde, ikusi da azaleko peptidoek funtsezko zeregina dutela gaixotasunaren aurrean: onddoaren mintza apurtuz, patogenoaren kutsatze-ahalmena eta hura haztea inhibitzen dute. Hortaz, zoosporak sortu eta finkatu osteko hazkuntza eragozten dute. Hala ere, anfibio guztiek ez dituzte horrelako defentsa-mekanismoak, eta gaixotasuna mundu mailan hedatzea eragin du horrek.

Mundu osoan

Anfibio eta gainerako bizidunen ikerketek eragin handia izan dute kitridiomikosiaren zabalkundean. Hori ekiditeko, prebentzio-moduetako bat da eskularruak erabiltzea aleak manipulatzean. Arg. P. Lasarte

Esan bezala, zenbait anfibio espeziek onddoaren aurka jarduteko mekanismoak dituzten arren, oso era bortitzean sartu da ekosistema batzuetan, batez ere anfibioak ahulduta dauden tokietan. Hori dela eta, kitridiomikosia mundu osoan zabaldutako gaixotasuna da gaur egun, eta Asia ez beste kontinente guztietan aurkitu daitezke kitridiomikosiz kutsatutako anfibioak. Gainera, kontuan hartu behar da oraindik aztertu ez diren eremu handiak daudela.

Europan ez dago informazio handirik onddoaren hedapenari buruz. Egindako ikerketetan, kontinenteko sei herrialdetan aurkitu da gaixotasuna, hiru direlarik anfibio-espezie kaltetuenak: txantxikua ( Alytes obstetricans ), arrabio arrunta ( Salamandra salamandra ) eta apo arrunta ( Bufo bufo ). Suitzan eta Espainian topatu dira kitridiomikosi-kasu gehienak, azken hori delarik gaixotasuna lehendabizi pairatu zuen herrialdea; 1997an aurkitu zen lehen anfibio hila Peñalarako Parke Naturalean (Madril). 1997, 1998 eta 1999 urteetako udetan, hilkortasun-tasa izugarri handiak hauteman ziren txantxikuen populazioetan.

Hedapena eta arrakastaren zergatia

Kitridioaren bizi-zikloa eta, orobat, haren gutxi gorabeherako banaketa geografikoa ezagunak diren arren, arazoak izan dira onddoaren hedapen handia eta anfibioen gaur egungo heriotza-tasa azaltzeko. Hortaz, zenbait hipotesi plazaratu dira.

Gaur egun, hipotesi hau nagusitu da, eta hor azaltzen da gizakiaren parte-hartzea: badirudi onddoaren jatorria Afrikan dagoela, eta Xenopus laevis igel-espezieak eragin handia izan duela haren hedapenean. Gizakiak mundu osoan zabaldu du igel hori (eta onddoa) hala nola haurdunaldi-testen ikerketa egiteko. Uste da igel horrek bektore asintomatiko moduan jokatu duela.

Horrez gain, frogatu da B. dendrobatidis ak baduela lur hezeetan eta hegaztien lumetan bizirauteko gaitasuna. Horrek adierazten du ez dituela soilik anfibioak erabiltzen bektore moduan, eta uste da horien eskasia dagoenean hegazti- edo lur-mugimenduei esker hedatu (abereek garraiatua, arrain-laginketetan ura hartzean, gizakion oinetan, pneumatikoetan, eta abar) eta biziraun dezakeela.

Xenopus laevis igela. Uste da bektore asintomatiko moduan jokatu duela gaixotasunaren hedapenean. Arg. M. Corral

Azpimarratzekoa da espezie desberdinetan eta, orobat, espezie bereko populazio bereizietan duen inpaktu ezberdina. Hain zuzen, kitridioa gai izan da beste organismoentzat kaltegarriak diren baldintzak jasateko, besteak beste. Izan ere, tenperatura (4-28 ºC) eta pH tarte zabaletan hazi eta hedatzeko ahalmena mantentzen du, kisteak sortzeko gaitasuna ere baduelarik. Horrenbestez, anfibioentzako optimoak ez diren egoeretan, hau da, tenperatura baxuetan zein kutsadura-egoeratan, kitridioak patogeno oportunista moduan jokatuko du, anfibioek egoera horietan duten defentsa-eskasia aprobetxatuta.

Ezaugarri horiek ezagunak diren arren, gaur egun ez dago gaixotasunaren aurka modu eraginkorrean egiteko modurik. Maila lokalean saiakera batzuk egin dira (anfibioek berez duten immunitatean oinarrituriko J. lividum bakterioaren inokulazioak; inguruneko tenperatura eta pH-a aldatuz...), baina ez dira nahikoa krisi globalarekin amaitzeko.

Gizakia ere hedatzaile

Aipatu denez, gizakiaren eragina hautematen da arazo ekologiko honetan ere. Xenopus laevis espeziearen bitartez gertatu da sakabanatze global nagusia, baina ikusi da anfibioak ikertzen dituzten adituen eragina ere handia izan dela, landa-lana anfibioen eta gaixotasunaren ikerketarako atal garrantzitsua den heinean. Anfibioak dauden gune heze batetik bestera higitzen dira ikertzaileak, eta, horren ondorioz, nahi gabe bada ere, sakabanatze-faktore moduan jokatzen dute eskala lokalean. Hori dela eta, kontuan hartu beharreko prebentzio-neurri batzuk daude; besteak beste, hauek: eskularru baztergarriak erabiltzea anfibio-ale bakoitza hartzeko; landa-lana amaitutakoan, eta berriro erabili baino lehen, material guztia desinfektatzea; erabiliko den material guztia aldez aurretik esterilizatua egotea; gaixotasunak jota hildako aleak ingurunetik ateratzea.

Gizakiaren jarduerak kalte handia eragin dio anfibioen taldeari, eta, oraindik ere, horrela izaten jarraitzen du. Uste da gaixotasunak 200 bat espezie desagerrarazi dituela azken 30 urteetan. Noraino jarraituko dugu gure ingurunea zaindu gabe? Zein da gure muga? Erantzunik gabeko galderak, oraingoz...

Erreferentziak

Berger, L.; Speare, R.; Hyatt, A.:
Chytrid fungi and amphibian declines: Overview, implications and future directions. Declines and Disappearances of Australian Frogs. Environment Australia. 1999.
Bosch, J.: Martinez-Solano, I.; Garcia-Paris, M.:
Evidence of a chytrid fungus infection involved in the decline of the common midwife toad (Alytes obstetricans) in protected areas of central Spain. Biological Conservation. 2000.
Daszak, P.; Cuningham, A.A.; Hyatt, A.D.:
Infection disease and amphibian population declines. Divers. Distrib. 2003.
Johnson, M.L.; Speare, R.:
Survival of Batrachochytrium dendrobatidis in Water: Quarantine and Disease Control Implications. 2003.
Moss, A.S.; Reddy, N.S.; San Francisco, M.J.:
Chemotaxis of the amphibian pathogen Batrachochytrium dendrobatidis and its response to a variety of attractants. 2007.
Piotrowski, J.S.; Annis, S.L.; Longcore, J.E.:
Physiology of Batrachochytrium dendrobatidis, a chytrid pathogen of amphibians. Mycologia. 2004.
Woodhams, D.C.; Alford, R.A.; Marantelli, G.:
Emerging Disease of Amphibians Cured by Elevated Body Temperature, Diseases of Aquatic Organisms. 2003.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila