AAren mitoa: materia eta automata

Landabidea Urresti, Xabier

Aisia eta Giza Potentzialean doktorea. Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko ikertzaile elkartua. UEUko Komunikazio sailburua.

Tabakalerak antolatutako Immaterial 2023 topaketan irakurritako testua, Laura MM, Ekaitz Cancela Rodríguez, María D. Moreno, eta Gorka Julio Hurtadorekin izandako mahai-inguruan.

aaren-mitoa-materia-eta-automata

DISKLAIMERRA

Disclaimer batekin hasi nahiko nuke: Ez nago ikaskuntza sakon (Deep learning) eta ikasketa automatikoaren (Machine learning) teknologien kontra. Oso garapen garrantzitsuak iruditzen zaizkit. Baina gaur Adimen Artifizial izenarekin deitzen ari garen plataforma horiek ilusio fundazional baten gainean eraiki direla uste dut, eta uste dut garrantzitsua dela lilurari aurre hartu eta aurre egitea teknologia hauen garrantzia ulertzeko gai izango bagara. Positiboan jarrita gure instituzio kultural eta epistemikoak (testu idatzia adibidez, baina ez bakarrik) birpentsatzeko aukera eta beharra irekitzen dizkigutela uste dut.

Horren harira, hiru ideia aipatu nahi nituzke gaur: Hypea, Materialitatea eta Automata.

HYPEA. Hypea eta mitoa

Adimen Artifiziala da zalantzarik gabe garaiko hypea. Garaiko mitoa. Berez, teknologiak eta mitoak harreman estua izan dute hasieratik. Gogora dezagun Prometeok jainkoei sua egiteko teknologia lapurtu eta gizakioi eman zigunekoa.

Mitoa kontakizuna da. Errelatoa. Jatorriari eta destinoari buruzko erreferentziak jaso ohi dituen kontakizun kolektiboa. Harreman konplexua eta berezia du Egiarekin. Batetik, gezurtatuak izan daitezkeen (eta sarri izan diren) elementuz josten eta janzten da. Bestetik, egia objektiboak baino egia altuago, garaiago, sakonago baten adierazletzat hartzen da mitoa. Gezur guztien azpitik, egia guztien gainetik, Akelarreko sorginek abesten omen zutenaren antzera.

Mitoek harreman handia daukate Jainkoekin. Eta jainkoen absentziadun gure munduan, superaberatsekin. Bilioidunek kontrolatzen omen dituzte orain orakuluak. Dirua eta jainkoak. Eta diruaz ari garela, nola ahaztu kripto-broak. Euskaraz kriptotxo-ak. ChatGPTbroak. Ekar dezagun gogora Matt Damon momentua (Fortune Favors the Brave). Unean hype handi baten erakusgarri, gaur egunetik ikusita erridikulua eta patetikoa iruditu daiteke aktoreak bitcoin-etan inbertitzeko egindako gomendioa (ez zen, noski, gomendio hori egin zuen pertsonaia ezagun bakarra).

Hypea ez da bakarrik egiten, egin egin behar da. “Sua edo elektrizitatea baino garrantzitsuagoa” (Sundar Pichai), “Errobotek dena guk baino hobeto egingo dute” (Elon Musk), “Pertsonak ordezkatuko dituen erabaki-motorea da” (Kai-Fu Lee). ... Dena da aukera, dena da posibilitatea, dena da produktibitatea igoko duen tresna.

Bi ezaugarri ditu saltzen ari zaizkigun mitoak:

1) Adimen Artifiziala ez soilik erreala, saihetsezina da.

2) Arriskuak eta kalteak ekar litzake, baina ez gaitezen horretan zentratu orain, azter ditzagun aukerak (zuk ez badituzu baliatzen beste norbaitek baliatuko baititu).

Zergatik insistentzia hau ideian eta produktuan inbertitzeko? Hypeak etorkizuna sortzen duelako.

Mitoaren bidez bideratzen dugu patua. Kasu honetan Adimen Artifizialaren mitoak ZiFi eleberri, film, marrazki bizidun, komiki, telesail eta abarreko luze eta zabala du. “Azaleratzen ari diren ezaugarri” ez hitzegiten digutenean Frankenstein eta Skynet, Matrix eta Metropolis, HAL-9000 eta Alieneko Ash bururatzen, bihotzeratzen zaizkigu.

Beldurra eta lilura. Arriskua eta promesa. Prometeo moderno sentitzen gara une batez. Eta nork ez du Prometeo moderno izan nahi? Nork permititu lekioke bere buruari prometeo modernoaren proiektutik kanpo gelditzea? Prest al zaude AA-ren hype-trenera ez igo eta tonto aurpegiarekin gelditzeko MUNDU GUZTIA jada prompt hobeak egiten ikasten eta trebatzen ari den honetan? Fear of missing out zaharra, berriz berrituta. Azal berria zeremonia zaharrarentzat.

MATERIA (LITATEA). Semiotikaz lau apunte

Giza komunikazio orok du bere materialitatea, baina digitalitate kapitalistaren diskurtsoak materialitatea ahazteko tradizio sendoa agertu du azken hamarkadetan. Pentsa dezagun, adibidez, “errealitate birtual” edo “hodeia” edo “metabertsoa” bezalako esapideetan. Materia traszenditu, atzean eta behean utzi eta traszendentzia digital etereoa prometitutako figurak dirudite. Konpresa iragarkietako odol eta kolore gorriaren faltan bezala, sintomatikoa da absentzia.

Baina itzul gaitezen komunikazio eta informazioaren teknologien behar-beharrezko materialitatera.

Oinarrizko semiologia gogora ekartzearren: esanahia ez da garraiatzen. Esanahia ez da sekula garraiatzen. Gizakiok ez gara telepatak, eta hortaz ezin dugu pentsamendu edo emozio bat beste norbaiten arretara bideratu, ez baitaukagu horretarako gaitasunik. 

Ezintasun horren aurrean komunikazioaren teknologiak garatu ditugu: pentsamendu edo emozioaren ordez (edo objektu, edo kontzeptu, edo denaloaren ordez) beste zerbait igortzeko gaitasunak. Adimen Artifizialaz gain beste bi A hizki: Adierazlea eta adierazia. Bata (zeinua eta mezua, signifikantea) igorri eta jasotzen da, bestea (esanahia, esangura, signifikazioa) negoziazioan sortzen dugu igorle eta hartzaileen artean.

Adimen Artifizial deitzen hasi garen teknologiek baina ez dute adieraziarekin lanik egiten. Ez daukate erreferentera edo esanahira sarbiderik. Ez daukate ezta esanahiaren kontzepturik ere. Large Language Model delakoek adierazleekin bakarrik egiten dute lan, adierazleekin bakarrik egin dezakete lan. AA direlakoak mapan existitzen dira, ez lurraldean. Lurra zapaldu ezin duten, mapek lurraldeari erreferentzia egiten diotela ez dakiten, axola ez zaien kartografoak dira nolabait.

Lagun ditudan informatika ingeniariek esaten didate honek ez daukala garrantziarik. Makinak ez duela zertan ulertu zertaz ari den guretzat erabilgarria izan dadin. Hasieran gaudela gainera, eta, iterazioaren iterazioz, entrenamendutik entrenamendura, makinen pedagogo berrien laguntzarekin glitch, errore, akats hasierako hauek gainditu egingo ditugula ezinbestean. Ez dela bidezkoa teknologia iraultzaile hauek gure parametroetara belaunikaraztea, bestelako parametroetan funtzionatzen dutelako, eta berez ez digulako axola behar, funtzionatzen duen artean.

Nik aurkakoa planteatu nahi dizuet hemen: muga hori, mapa eta lurraldearen arteko, adierazle eta adieraziaren arteko frontera ez dela iterazio edo giza entrenamenduaren bidez gaindituko, Adimen Artifizial deritzegun teknologiek ez dutelako pentsamendu edo prozesamendu sinbolikoa garatuko singularitate espontaneo baten bidez. Etxea lotuta egongo dela etxetik eta etxera hitzekin, baita maison eta house eta casa hitzekin ere, eta baita mota askotako etxeen argazki eta marrazkiekin ere, baina ez zeinu hauekin lotzen dugun entitate habitagarriarekin, izenak izenekin (eta aditzekin, eta izenondoekin eta...) lotzeko programatu baititugu makinak, ez izenak izendatzen duen horrekin harremantzeko.

Eta horrek azken ideiara narama. Irakurtzen ez zekien baina dena irakurtzen zuen automata aurkeztu nahi dizuet:

AUTOMATA IRAKURLEA

Mugimenduaren sentsazioa sortu zuen egun zinema (kinema) deitzen diogun teknologien bildumak. Baina beste izen batzuk izan ditu aurretik. Taumatropoa. Faradayren gurpila. Fenakistikopioa. Zootropoa. Uhcatuisen marrazki bizidunak. Reynsunden teatro optikoa... Egun zinema diogunean zenbait gauza esaten dugu, baina horrek ehun urte inguruko kristalizazio sozio-teknologiko luze samar bat behar izan du. 

Antzerako zerbait gertatuko zaio ziurrenez “Adimen Artifizial” izendatzen ari garen teknologiei. Hartuko dituzte beste forma batzuk, beste izen batzuk, beste funtzio sozial batzuk. Naturalizatuko ditugu haien inguruko errituak eta ohiturak, sortuko dituzte aztura eta ahaztura berriak. Ezin jakin zehazki zein forma eta zein izen hartuko dituzten.

Momentuz, baina, proposamen bat egin nahi dizuet Testu Corpus Izugarri Handiak “irakurtzen” dituzten algoritmo sare hauek izendatzeko. Zinematografoak mugimenduaren sentsazioa sortu bazuen nire ustez chatbot berri hauek ezagutzaren sentsazioa sortzen dute. Gnosigrafoa? Gnoseoskopioa? Epistemografoa? Nola deitu zentzua dutenaren sentsazioa ematen duten emaitzak sortzeko gai diren baina zentzuaren zentzurik ez duten makinei?

Dena irakurtzen dute baina ez dute deus irakurri. Erantzunak eskaintzen dizkigute baina ez dute esanahiaren kontzepturik. Bi interpretazio posible ikusten ditut. Bat: makinek irakurri egiten dute, eta irakurketaren amaiera aldarrikatu dezakegu (irakurtzeko astirik ez duten irakurleak, bideoak 1,5Xean edo 2Xean ikusten dituzten ikusleak eta dena irakurri dezaketen baina ezer irakurri ez duten automata irakurleak, dimentsio sinbolikorik gabeko liseriketa testualak eskaintzen). Bi: makinek ez dute irakurtzen eta hiztegi eta mitologia berriak beharko ditugu indexatzea eta irakurtzea, galdetzea eta prompteatzea, gezurra esatea eta haluzinatzea, glitcha eta funtzioa bezalako errealitate erlatiboki berriak hobeto esan eta pentsatzeko.

Mila eta bat gauen ipuinetan oinarritutako Zientzia Fikziozko Coriolis rol jokoan “Datu Jinn” (mitologia semitikoetako jeinu edo ireluak) deitzen zaie adimen artifizial hauei. Gustatzen zait, gailuaren izaera sakonki desberdinarekiko harreman bat iradokitzen duelako. Jeinu ala ez, botilatik atera ditugu, eta mitogileak ari dira haien inguruko mito berriak sortzen. Teknologia, teknologiaren jabetza eta haren erabilerak ez-ezik, teknologion inguruko mitoak ere landu, zalantzan jarri eta asmatzeko tartea irekitzen zaigula uste dut.

“Argazkia egia da, eta zinema egia 24 aldiz segunduko” esan omen zuen Jean Luc Godardek.

Zenbat egia esaten ditu segunduko baina, Adimen Artifizialak?

Eskerrik asko.

 

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila